Andra Mari Eliza
Hau da Galdakaoko erlijio eraikinik zaharrena. Elexalde auzoan eraiki zen XIII. mendean, Gangureneko Santa Marina antzinako Elizaren ordez, bere izena daraman mendia urrun zegoelako. Sancho de Galdácano y Torrezabal izan zen sortzailea.
Erdi Aroko eraikuntza da, beranduago handitu zen eta 1516an birreraikia izan zen. Estiloak erromaniko-gotiko nahastea du eta birreraikuntzaren elementuetan berpizkundekoak dauzka. Elementurik nabarmenena ataria da, gotikoren transizioko erromanikoa. Zortzi zutabetan hartzen du oinarri, horietako bi barneko hiru lobulotako arkuari dagozkio, eta kapitelek gizaki eta hegaztien figura desberdinak dituzte. Kanpandorrean geratzen dira antzinako eraikuntzaren hondarrak, XII. mendekoak. Barnealdean ere bi estilo horiek ikus ditzakegu, erromanikoa eta gotikoa.
Erretaula platereskoa du aipagarriena eta bertan Andra Mariaren parerik gabeko taila (XIII. mendea) jarrita du. Nabe gotikoan XIII. mendeko hilobi erromanikoa dago, eslaboiz osatua eta hortzdun orla batez amaiturik. Elizaren fundatzailearen belaunekoen hilobia da. Kanpoaldean, eliza ondoan, guruzpidea dago, azkenean berpizkundeko gurutze paregabea du eta bertan lanbide desberdinetako tresnak landuta ditu. Tenplu hau monumentu historiko eta artistikotzat konsideratua dago (Monumentu Nazionala).
Itzuli aurkibidera
Oroigarrizko Monumentuak
Galdakaon dauden oroigarrizko monumentu gutxi horietako bat dugu Máximo Moreno Jaunaren gomutan eraikitako brontzezko soin xumea. Izan ere, "Dinamitako Banda"ren eta Galdakaoko Zaletasuna abesbatzaren zuzendaria izan zen. Plazakoetxen, Máximo Morenoren Baratzan dago.
Itzuli aurkibidera
Galdakaoko Santa Maria Eliza
Alfredo Acebal-ek eraiki zuen 1896an Kurtzea auzoan. Gurutze latinoko planta du eta beso laburrak baina zabalak dituen gurutzeria garbia. Zutaberik eta alboko kaperarik gabeko nabe bakarra du. Bobeda kanoi erdikoa da.
Kanpandorrea eta erlojua kontrafuerte handi baten antzera dago jarria, eraikinaren azpian. Dorrea kupula eskifatu batez amaituta dago eta gainean forjazko gurutze lerdena du.
Itzuli aurkibidera
Lekue Dorrea
XVI. mendeko dorrea dugu eta Usansolon dago, Lekubasoko bidean, errekatxo baten ondoan. Harlanduzkoa da eta zortzi metroko altuera dauka, gainean dorrea moztua du eta metro bat edo biko zurezko sabaia.
Jauregi egoitza bihurtu bazen ere, leiho ojibar batzuk gorde ditu. Kanpoaldetik eskailera bat erantsi zaio.
Itzuli aurkibidera
Galdakaoko Udaletxea
Galdakaoko Udaletxea Kurtzeko Plazan dago eta XVIII. mendearen erdialdean eraiki zen. Mende horretako udaletxe barrokoetako bat dela jo dezakegu, behealdean atari arkupedunak irekita dituena. Eraikin kubikoa da eta lau uretarako estalkia du. Fatxada printzipalean eta beste fatxadetako angelu eta hutsarteetan harlanduz estalita dago. Solairu printzipalean balkoi haundia du eta alderik alde doan ondo forjatutako burdinezkoa da. Berriki eraberritua eta barrutik birmoldatua izan da.
Itzuli aurkibidera
Ur Depositoa
Auzoaren goreneko aldean dago, "La punta" izeneko zelaiunean. Auzo guztia urez hornitzeko helburuagaz eraiki zen, ordura arte herriko iturburuetatik hornitzen ziren eta.
Deposituak moto-bonba bat zeukan, horretarako Urretan eraikitako txabolan, auzorako ura jaso ahal izateko. Ura Mina eta Aranzelaitik zetozen errekatxoetatik batzen zen. Urretan bat egiten zuten errekatxo biok eta Ibaizabalera isurtzen zituzten urak, Dinamitaren zelaiaren eta antzinako Totorika etxearen aurrean dagoen harraska ondoan. Aurretik garbitu eta gero, igotzen zen ura hodietatik deposituraino.
Tximilarreko auzoak antzinako Dinamitak eraikitako banako etxe multzoa osatzen du, mendi lepoak eta auzora doan errepideak bereizita. Beraz, deposituak ura zeukan auzo guztiari emateko lain. Alderdi bi zituen ura gordetzeko: goialdea edo txapela, auzoaren goiko ingurua hornitzeko, eta deposituaren behealdea, sarrerako atearen mailatik behera zegoena, auzoaren beheko ingurua hornitzeko. Ur depositu hau funtzionatzen ibili da Lekubasoko presa egin zen arte.
Eraikitzeko erabilitako harria herrian bertan zeuden harrobietatik ekarri zen: Abusu aldetik (suhiltzaileak) eta Basabetik.
Auzoa 1928an sortu eta uztailaren 31n inauguratu zen. Urte batzuk geroago, auzokoen erabakiz, San Ignacio de Loyola hartu zuten zaindari. Bere irudia deposituaren aurrealdean jarrita dago, oinarri baten gainean, eta auzokoek eurek egiten dute mantenimendua.
Gaur egun San Ignacio de Loyola zaindaria dela eta, urtero jaia egiten da uztailaren 31n. Tximilarreko auzokoek laguntzen dute jai horretan, ilusioz beterik. Bertan auzoko giroa da nagusi, Galdakaoko herri guztiari zabalik egon arren.
Aipagarria da egun horretan egiten den txirrindulari lasterketa, Galdakaoko lasterketa enblematikoenetakoa.
Itzuli aurkibidera
Merkadiloko Zubia
Bengoetxeko auzoan dago, bizkarrantzeko perfileko zubia da eta estilo erromanikoko lau begi ditu..
Itzuli aurkibidera
Torrezabaleko Zubia
Plazakoetxeko auzoan dago. Berpizkundeko zubia da, harrizkoa, eta hiru begi ditu.
Itzuli aurkibidera
Puentelatorre
Labea eta Bekeako auzokoen arteko anaitasunezko ekitaldia egin zuten 2007ko martxoaren 30ean gaur egun hondatuta dagoen zubiaren gainean elkartuz. Hain zuzen ere, egun horretantxe Ibaizabaleko alde biak batzen dituen Puentelatorre eraberritzeko lanak aurkeztu ziren.
Lan horien barruan bidegorri bat ere egingo da Labeatik Usansoloraino, ia kilometro bateko bidea osatuz. Horrela, udalerriko zubi enblematikoenetako bat, XVII mendekoa, berreskuratu zen, eta Galdakaon "kolesterol-bidea" izenaz ezagutzen den asasku-ingurua eratuz.
Puentelatorre izena "Puente de la Torre"tik dator. Izan ere, Ibaizabal ezkerraldean dorre bat eraikita zegoen, gaur egun haren hondakinak ikus ditzakegularik zubiaren eta autopista sarreraren artean dagoen etxearen ondoan. Bizkaiko Aldundiko artxiboetan dauden horri buruzko datu zaharrenetan, bertako zutabeak eta zubi-bularrak erauzten, XVII. mendean (1676) egindako konponketa-lana ordaindu gabe agertzen da. Horren ostean, beste konponketa batzuk ere egin zitzaizkion babesgarriak eta tinpanoak konponduz 1879an. Lan horien planoak erabili dira orain burutzen ari den birgaitzeko proiektuan.
Itzuli aurkibidera
Isasi Goikoa Dorrea
Montor baten gainean dago eta bertatik Lekubaso eta Usansoloko etxeak ikus daitezke. Guztia harlanduzkoa da eta hamaika metrora bi uretarako teilatua du. Bi solairu baino ez dituen eraikin honen etxaurre printzipala da aipagarriena. Gaur egun moztuta dago.
Itzuli aurkibidera
Oilarra
Galdakaoko beste monumentu bereizgarria, Urgoitin dagoen oilarra da, Donostia eta Gasteizerantza doazen errepideen bidegurutzean. XIX. mendean, bidegurutze hori aduanaz kontrolatutako pasabidea zen, "katea" zeritzana, eta bertan mendearen erdialdera goialdean brontzezko oilarra duen eskulturantzeko zutabe bat jarri zen. 1971n figura hau autopista eraikitzeko bota zuten.
Lanak amaitu zirenean bidegurutzean oilar bat itxuratzen zuen burdinezko eskultura banguardista bat altzatu zen. Berriki antzinako oilarra bere jatorrizko lekuan birjarria izan da. Modu honetan Bizkaiko errepideen ikur berezienetako bat bere tokira bueltatu da.
Itzuli aurkibidera