Zabalea eta Bengoetxeko auzokideen testigantzak dokumental banatan batuko dira, auzo horien iragana ahaztu ez dadin

Lekukotzak abuztuan batuko dira bideoz, eta Udalak parte hartzeko deia egiten die auzo horietako pertsona nagusiei

Galdakao asko aldatu da azken hamarkadatan eta lehengo Zabalea edo Bengoetxe eta gaurkoak oso desberdinak dira, esaterako. Gure herria nolakoa zen eta zein herri motatik gatozen gogoratzeko proposamen batekin datoz aurtengo Europako Ondare Jardunaldiak: gure bi auzotako pertsona nagusien testigantzak jaso nahi ditu, iragan hori gordea gera dadin, ahaztu ez dadin. Zabaleako eta Bengoetxe-La Trokako auzokideen lekukotzak batu nahi ditu, zehazki. Bertan jaio edo bizi izan direnek bertoko bizimodua konta dezaten da helburua. 

Testigantza horiek bideoz grabatuko dira abuztuan, eta herritar horien bila dabiltza antolatzaileak, euren bizimodua kontatuko duten auzokide nagusien bila. Bideo horiekin dokumental bana osatuko da auzo bakoitzeko, eta urrian proiektatuko dira Torrezabalen. 30 minutu inguruko dokumentalak izango dira. Zabaleari buruzko lana urriaren 8, 17 eta 31n proiektatuko da Torrezabalen, eta Bengoetxeri dagokiona urriaren 10, 24 eta 29an.

Lekukotzak emateko prest daudenek 944010528 telefono zenbakira deitu behar dute astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara bitartean. Galdakaoko Udalak bertan parte hartzera deitzen ditu herritarrak, gure iragana gordetzen laguntzera. Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaoko Udalaren laguntzarekin egindako Europako Ondare Jardunaldien barruko ekimena da honakoa.