Pedro Asua milizianoaren gorpuzkiak familiaren esku geratuko dira igandean; herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta

1938an fusilatu zuten gazte galdakoztarra eta bere gorpuzkiak Jakako hobi komun batean egon dira orain arte; bere lurrera itzuliko dira domeka eguerdian

Pedro Asua Zubiaur miliziano galdakoztarra 1938an fusilatu zuten Jakan eta bere gorpuzkiak hobi komun batean ehortzita egon dira orain arte. Asuaren senide batek duela urteak bere osaba handia non lurperatuta zegoen jakin nahian hasitako bide luzeak igandean izango du amaiera, lortu baitu Asuaren gorpuzkiak aurkitu eta bere herrira, Galdakaora, ekartzea.

Senide horrek Galdakaoko Udalari duela hiru urte egindako eskaerak eman du fruitua: Asuaren loba txikiak, Galdakaoko Udalak, Jakako Círculo Republicanok, Galdakao Gogorak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Jakako Udalaren laguntzarekin egindako lanari esker, familiaren esku geratuko dira duela 85 urte fusilatu zuten galdakoztarraren gorpuzkiak.

Igande eguerdian Elexalden egingo den ekitaldian izango da hori. Gorpuzkiak entregatzeko ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Aranzadiko, Jakako Círculo Republicanoko eta Galdakao Gogorako kideek, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak eta Galdakaoko alkateak. 

Honakoa da hitzordua:

EGUNA: Martxoak 19, igandea
ORDUA: 12:00ak
LEKUA: Elexalden, hilerri inguruan, goraldean, errepidearen beste aldean dagoen plazatxoan.

Galdakaoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu memoria historikoa ardatz duen ekitaldian parte hartzera.