- Castellano
- Euskera

Padrola-Altamiran Burdin Hesiari buruz zegoen panela ordezkatu du Udalak, hondatuta zegoelako
Denborak eragindako kalteak zirela eta ez zen ondo ikusten. Kartel berriak txangozaleen ibilaldiak erraztuko ditu
Galdakaoko Udalak Padrola-Altamira atsedenlekuan dagoen Burdin Hesiaren panela ordezkatu du aurreko kartela hondatuta zegoela hauteman ondoren. Denbora pasa ahala sortutako kalteek grafismoa behar bezala ikustea zailtzen zuten, eta, beraz, ordezkapenak txangozaleen ibilbideak erraztuko ditu.
Halaber, eta kartelaren informazioa bera aldatu ez den arren, panelaren behealdean dagoen QR kodea eguneratzeko aprobetxatu da. Orain, Udalaren webgunean dagoen Burdin Hesiaren atalera bideratzen du honek, informazio egokiagoa eskainiz.
Ekintza hau Udalak eta Ganguren Mendi Taldeak udalerrian ibilbide osasungarriak diseinatu, sortu, seinaleztatu eta mantentzeko sinatutako lankidetza hitzarmenaren barne dago eta elkarteak bere kartela kokatzen den panelaren zatia ere aldatu du.
Orientazio zirkuitu berria
Hitzarmen horri jarraituta, mendi elkarteak hainbat ibilbide eta kokapen seinaleztatu eta egokitu zituen iaz. Zehazki, Ganguren inguruko trokak, ibaiak eta iturriak seinaleztatu eta berreskuratu zituen; Elexaldeko eta Askarriko balizajea eta seinaleztapena indartu zituen, eta Burdin Hesiaren eta Altamirako ibilbidearen zutoinetan seinaleak jarri zituen. Gainera, Erletxeko, Txaketo-Elorritxuetako eta Aranzelaiko hainbat seinale eta paneletan mantentze lanak egin zituen.
Bestalde, orientazio zirkuitu iraunkor berria sortu zuen, lagunekin edota senideekin naturaz gozatu ahal izateko. Helburua zenbait balizarekin ibilbide bat sortzea da. Baliza horiek mapa baten eta bilatu beharreko puntu batzuen arabera aurkitu behar dira, orientazioan oinarrituta. Ibilbidean zehar, QR kodeak aurkituko dira, elkartearen web orrira bideratuko dutenak. Bertan, argazkien eta datu historiko eta kulturalen bidez azaldu eta zehazten da kodea kokatuta dagoen tokia.