- Castellano
- Euskera
Memoriaren Egunarekin bat egin du Galdakaoko Udalak ekitaldi instituzional batekin
Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna da eta hori dela eta Galdakaoko Udalak ekitaldi instituzionala egin du Ardanza lehendakariaren parkean. Iñigo Hernando alkatea buru, bertan izan dira EH Bilduko, Auzoakeko, Elkarrekin Podemoseko eta EAJko ordezkariak.
Ekitaldia iazko ildoari jarraituta egin da eta Iñigo Hernando alkateak iaz hartutako konpromisoak berretsi ditu Galdakaoko Udalaren izenean: “aurrean dugunaren garrantzia ulertu eta enpatizatzeko” beharra aldarrikatu du eta ohartarazi du “beste norbanakoen bizipenak errespeatzeak ez duela norbere bizipenei uko egitea suposatzen”. Zentzu berean alkateak adierazi du “memoria duin baten beharra” dagoela eta “norberak duen helburutik hasi behar dela bidea eraikitzen”.
Sufrimendua ez errepikatzeko oinarriak ezarri beharra ere aldarrikatu du, “ondorengo belaunaldietarako gizarte hobeagoa” lortu nahian. “Memoria duin bat egin behar dugu, baina etorkizunari begirako memoria zintzoa egiteko konpromisoa hartu behar dugu”, adierazi du iaz egindako hausnarketari helduta.