Gerra Zibilekoa izan daitekeen lehergailua eztandarazi dute Zuhatzun, Mercadilloko zubi ondoan

Ibaizabal berbideratzeko lanetan ari diren beharginek Gerra Zibilekoa izan daitekeen lehergailua aurkitu dute gaur. 08:20etan gailua topatu bezain laster abisua eman, eta udaltzainek eta ertzainek Txomin Egileor kaleko errepide gune hori itxi egin dute. 10:30ak pasatxo zirenean, artezilariek modu kontrolatuan eztandarazi dute 42 zentimetro luze eta 9,5 zabal zen lehergailua.

Herriaren historia gogora ekarri duen gertakaria izan dela azaldu du Ińigo Hernando alkateak, lehergailua aurkitu den lekura joanda. Gerra Zibilean Galdakao 28 aldiz bonbardatu zutela gogorarazi du, eta eraso horietan 40 bat pertsona hil zituztela; tartean, 33 galdakoztar.

Bilborako bidean, gune estrategikoa izan zen Galdakao, eta bide horretan, Zuhatzu bereziki erasotua izan zen. Bilborako bidean dago Zugutzu, erreka ondoan, zubiz lotuta, eta Dinamita zuen ondoan.

Airez jaurtitako bonbekin ez ezik, lurretik, artilleria bidez eraso ugari jasan zituen Galdakaok garai hartan, eta aurkitutako lehergailuaren neurriak ikusita, artilleriakoa izango dela pentsatzen dute adituek. Hala ere, datozen egunetan baieztatuko dituzte nolakotasunak.