Galdakaoko Udalak plaka frankistak kenduko ditu

Galdakaoko udala hasita dago herrian hondino dagozan plaka frankistak kentzea bultzatzeko lanakaz, udalerrian Memoria Historikoa berreskuratze aldera, azken urteotan ekimen desbardinak bultzatzen dagoan erakunde honek egiten dabilen lanagaz jarraituz.


Ekimenak 2006ko uztailaren 28an hasi ziran, Udalbatzak egindako ohiko osoko bilkuran. Bertan talde politiko guztiek mozio bat onartu eben Gerra Zibilean desagertu eta kaltetutako personen aitortza instituzionala, morala eta sozialaren alde. Aho batez, Gure udalerrian memoria historikoa berreskuratzea aholkatzen eban bultzada horren harira, ekimen ezbardinak burutu izan dira.


Eusko Jaurlaritzak honelako garrantzia daukien ekimenak berretsi ebazan beranduago, Memoria Historikoaren Legea onartuz (abenduaren 26ko 52/2007).


Zentzu honetan, Galdakaoko udala, Aitor González de Langaricak eta Virginia de Maturanak egindako "Catálogo de símbolos y monumentos públicos existentes en Euskadi que supongan una exaltación de la Guerra Civil y de la Dictadura" izeneko katalogoa jaso ondoren, txostenaren konklusioagaz bat etorri zan. Hain zuzen be, bertan adierazoten zanez, Aperribain badagoz atari batzuk sarreran plaka frankistak daukiezanak (buztarria eta geziak). Era berean, Udalari jakinarazo jakozan beste atari batzuk be gehitu jakoz zerrenda horri.


Galdakaoko auzo alkarteen Plataformari ezagutzera emon jako lanok hasi dirala, eta orain komunidadeei gutun bat bialdu jake lankidetza eskatuz, hilabeteko epean komunidadeak berak plakak kendu dagizan. Epe horretan kenduko ez balira, Galdakaoko udalak bere baliabideakaz kenduko ditu horreek plakak.


"Itxaroten dogu lagunduko deuskuela udalerrian hondino be dagozan ikur frankistak eraginkortasunez kentzen, Memoria Historikoari ohore eginez", holan amaitzen dau Ibon Uribe alkateak komunidade horreei bialdutako gutuna.


Galdakaoko udalak konbidetan dau,  holango plaka gehiago dagozala jakin ezkero, erakunde honi jakinarazotea (esan@galdakao.net) lan honegaz jarraitzeko, aldez aurretik edozein laguntzagaitik eskerrak emonaz.