Galdakaoko udalak, Eusko Jaurlaritzagaz eta Galdakao Gogora alkarteagaz batera, Burdin Hesiaren lehenengo seinalizazio-plaka aurkeztu dau

Galdakaoko udalak, Eusko Jaurlaritzagaz (Gogora Erakundea) eta Galdakao Gogora alkarteagaz batera, udaletxe aurrean, udalerriko Burdin Hesiaren lehenengo seinalizazio plaka aurkeztu dau ekitaldi publiko batean. 2006. urtean hasitako lanaren beste urrats bat da Memoria Historikoa berreskuratzeko bidean


Ibon Uribe Galdakaoko alkatea, Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen GOGORA Institutuko zuzendaria, eta Nagore Ferreira Zamalloa, Galdakao Gogora alkartearen ordezkaria egon dira ekitaldian.


Euskal Herriko 33 udalerritatik Galdakao da holango seinalea jendaurrean ipiniko dauen lehenengoa, joan dan urtarrilaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Arabako Foru Aldundiaren eta lurralde bietako udalen artean, Bilboko burdin-hesia eta denfentsen zaintza eta garrantzia azpimarratzeko, lankidetza-protokoloa sinatu ondoren, Galdakaoren kasuan, joan dan urtarrilaren 23an.


Lehenengo plaka hau panel informatibo bat da eta bertan Bilboko Burdin Hesia eta defentsak (1936ko Gerra Zibilean egindako fortifikazio-obra) zer izan ziren eta Galdakaok eraikitzean izan eban garrantziaren barri emoten da.


Era berean, panel honetan Galdakaon dagozan zati desbardinen ibilbidea ikusi geinke, baita bide horretan deskubritu diran mugarrien seinalizazioa be (herritarrentzako babeslekuak, polborategia, gotorleku militarra, trintxera, gotorlekua fusilarien galeriakaz, ametrailadore-gela, trintxera estaldua eta desilaran egindako trintxera).


Otsail honetan, Galdakaok 10 panel eta hogeibat seinale ipiniko dauz herritarrak ibilbide horretan orientatu ahal izan daitezan.


Uribe jaunak, azpimarratu dauenez, "Gure udalerriko Burdin Hesiari buruzko lehenengo seinaleen plaka erakutsiko dogun momentu honetara heldu ahal izateko, Galdakaok, instituzio mailan zein herri mailan, urrats garrantzitsuak eta erabakigarriak emon dauz, Memoria Historikoa berreskuratzearen bidean"


Uribe jaunak azpimarratu dau alkarlanak ekarri dauen emaitza: "Gure udalerrian, Galdakao Gogora alkartearen eta Galdakaoko udalaren artean egindako alkarlanari esker, Memoria Historikoa berreskuratzearen aldeko lankidetza-marko honen emaitza aurkeztu geinke orain: hain zuzen be, lehenengo erreferentzia gisa, gaur ikusgai ipinten dogun panel hau".


Nagore Ferreira†Zamalloak azpimarratu dau azken urteotan egindako lana, 2011n Galdakao Gogora alkarteak garrantzizko lan hau hasi zanetik:


"Ikerketak hasi genduzanean, Burdin Hesiaren hondakin gehientsuenak sasiz beterik egozan, baita galdakoztarren ahazturaren zuloan be. Ahaztura horri aurre egiteko, urte guztietan, udabarrian ospatzen dogun Memoriaren Astean, ibilbide gidatuak antolatzen doguz Burdin Hesiaren garrantzia nabarmentzeko. Izatez, ekintza hori gure programako arrakastatsuena da".


"Burdin Hesiaren aztarna ugari daukaguz eta udalerri aberatsenetakoa da arlo honetan. Burdin Hesiak 80 km. eukazan eta gure udalerriko bidean hainbat galdakoztarrek parte hartu eben eraikuntza lanetan. Lanetan† edota trintxeretan borrokatu eben gizon eta emakume guztiak gogoratu gura doguz, euren artean batzuk frankistek hilda suertatu ziran".


Aintzane Ezenarro andreak ekitaldiari amaiera emon deutso, zera adierazoz: "Galdakaon burututako ekitaldiek laguntzen dute urte luzetan isildutako historia hau berreskuratzen, ez soilik gerra bidegabe harekin sufritu zuten pertsonek merezi dutelako, baizik eta belaunaldi berrientzat transmisioa bermatzeak duen garrantzitsuagatik ere. Izan ere, gerrak eta indarkeriak ez dute balio gatazkak konpontzeko, handiagotzeko baizik".


Jose Larrea galdakoztarra, abioi frankisten bonbardaketen lekukoa izan zanak Galdakaon 1937. urtean, plaka deskubridu dau, Kurtzeko plazako kiosko ondoan.


Omenezko plaka hau keramikazkoa da eta Gogora Institutuaren, Galdakaoko udalaren eta Galdakao Gogora alkartearen arteko lankidetzaren emaitza jasotzen dauen irudia dago bertan.