- Castellano
- Euskera
Galdakaoko Udala azaroan hasiko da plaka frankistak kentzen
Galdakaoko udala azaroan hasiko da udalerrian hondino mantenitzen diran plaka frankistak kentzen. Holan, aspaldiko urteotan Memoria Historikoa berreskuratzearen alde udala, ekimen desbardinak bultzatuz, egiten dabilen lanagaz jarraitzen da.
Modu honetan, urte hasieran, ekimen hau planteatu zanean, prozesu honetan behar izan diran ertz guztiak aztertu ondoren, hasitako kentze-lana amaituko da. Hasiera batean, landa-lana egin zan udalerria egon eitekezan plakak aurkitzeko, Eusko Jaurlaritzak emondako oinarrizko erreferentziatik hasita.
Hasierako lan honen ondoren, herritarren lankidetza etorri zan, erreferentzia barriak ekarriz. Puntu honetan, Galdakaoko udalak bere esker ona adierazo gura deutse lankidetza hori eskeini dabenei, lanak erraztu dabelako. Horren guztiaren ondorioz, 60 plaka inguru aurkitu dira.
Landa-lana amaitu eta Galdakaoko auzo-alkarteen Plataformari informatu ostean, komunidadeei gutuna bialdu jaken plakak arrazoizko epe batean kentzeko konbitea eginez, eta, ezinezkoa izanez gero, udalak bere baliabideak erabiliz berak burutuko ebala.
"Itxaroten dogu zuren laguntza izatea gure udalerrian hondino dagozan ikur frankistak modu eraginkorrean kendu daiguzan", berbokaz amaitzen zan Ibon Uribe alkateak komunidadeei bialdutako gutuna.
Epea amaitu ondoren, udala barriro zuzendu jake plakak kendu ez dabezan komunidadeei kentze-lan hori egiteko baimena eskatuz. Lan hori azaroan hasiko da burutzen, komunidade horreetako batzuek ontzat emon ondoren.
Galdakaoko Memoria Historikoa berreskuratzearen aldeko urratsak emoteko ahaleginak egiten jarraituko dogu, Udalbatzak egindako ohiko osoko bilkuran, 2006ko uztailaren 28an hasitako ekimenen barruan. Izan be, bertan talde politiko guztiek mozioa onartu eben "Gerra Zibilean eta ondoko diktadura frankistan udalerri honetan desagertu eta kaltetutako personen aitortza instituzionala, morala eta sozialaren alde".