- Castellano
- Euskera
Galdakaoko bonbardaketaren 86. urteurrena oroitzeko ekitaldia ostiralean izango da. Asteazkenean hitzaldi bat eskainiko da, eta 27an burdin hesira bisita gidatua
Ostiralean 86 urte beteko dira Galdakao bortitzen erasotu zuen bonbardaketa gertatu zenetik. 1937an 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok, eta maiatzaren 19an 16 herritar hil zituen faxisten hegazkinek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek. Hori dela eta, maiatzaren 19a egun berezia da galdakoztarrentzat, eta Udalak, ohi bezala, urteurrena gogoratzeko ekitaldia antolatu du. Ostiral eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia eta lore eskaintza Plazakoetxen.
Ez da izango egunotan memoria historikoarekin lotuta egingo den ekitaldi bakarra. Aste honetan bertan, hainbat hitzaldi izango dira: batetik, ‘Gerra Zibila Galdakaon’ hitzaldia emango du astean zehar Ander Aperribai historialariak herriko hainbat ikastetxetan. Bestetik, herriko talde memorialistikoak antolatuta, Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenari buruzko hitzaldia eskainiko du Lutxi Larrazabal Galdakao Gogorako kideak. Asteazkenean izango da, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
Bi aste barrurako beste ekitaldi bat ere antolatu du Galdakao Gogorak: Burdin Hesira bisita gidatua egingo du maiatzaren 27an, Tomi Madinak gidatuta. Bekea aldeko ibilbidea izango da erakutsiko duena. Larunbat horretan, 9:00etan abiatuko da txangoa Kurtzeko plazatik.
Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogorak herritar guztiak gonbidatzen dituzte elkarlanean antolatutako ekitaldi horietan parte hartzera.