Galdakaok Plazakoetxen orain dela 75 urte izandako bonbardaketen biktimei omenaldia eskaini die ekitaldi zirraragarri batean, fabrikako adar-hotsa entzunaraziz

Komunikazioa

"Entzun dogun sirena-hotsak, edo antzekoak, abisetan eban abiazino frankista etorrela, eta herria galapan joian babes bila errefugiotera. Ikaratuta, kikilduta, bildurtuta joiaza, eta ez da gitxiagirako, euren lekuan guri geuri be sirena-hotsa entzuteagaz oilo-ipurdia paretan jaku" gogoratu dau Ibon Uribe Galdakaoko alkateak Plazakoetxen, beste Korporaziokideekin batera. Minutu bateko isilunea eta 1937. urtean entzun zen fabrikako adar-hots beldurgarriarekin hasi da Udalak, urtero 1937ko maiatzaren 19an izandako bonbardaketan hildakoen oroimenez antolatzen duen ekitaldia. Egun hartan hogei pertsonatik gora hil ziren. Ondoren Alkateak eta Korporazioko ordezkariek lore-eskaintza egin die orain dela 75 urte izandako biktimen senideei. Pertsonalki omenaldia egin die ondoko zerrendaren arabera: ■ Adelaida Etxebarria Ibarra ■ María Lourdes Moreno Etxebarria ■ Maria Begoña Moreno Etxebarria ■ Encarnación Basarrate Burgos ■ Sergia Etxebarria Ibarra ■ Tomás Lekue Etxebarria ■ Ramona Astigarraga San Salvador del Valle. ■ María Mercedes Izagirre Zamakona ■ María Isabel Francisca Tutor Izagirre ■ Sabino Uranga Ocerin ■ Manuela Zamakona Azkueta ■ María Pilar Salaberria Egiluz ■ Ascensión Ugalde Basauri ■ Moisés Jugo Abasolo ■ Jose Goyarrola "Eskerrik asko omenaldi honetara etorri zarielako eta Galdakaoko oroimen historikoa bizirik mantentzen laguntzeagaitik" amaitu du Ibon Uribe alkateak. Ondoren "Máximo Moreno" Musika Eskolako Abesbatzak, Belén Madariagaren zuzendaritzapean abestu du, azkenenean Agur Jaunak kantua eskaniz.