Galdakaok Gerra Zibileko biktimei omenaldia egin deutsie ekitaldi zirraragarri batean bertan hildakoen senideen presentziagaz

Orain dala laurogeita bat urte hegazkin faxistak Galdakao bonbardatzeko etozala herritarrei "Dinamita" fabrikako (gaur egun Maxam) adarrak abisatzen eutsien antzera, barriro entzun zan Plazakoetxen joan dan barikuan, azken hamar urteetan maiatzero egiten dan moduan.

Edukiz betetako minutu bateko isilunea izan da sirena-hotsa eta guzti. Oroimenerako keinu bat Galdakaok Gerra Zibileko biktimei egin eutsien omenaldi zirraragarrian, Andrea Arrizabalagak gidatutako ekitaldian.

Ekitaldia frankisten bonbardaketaren 81. urteurrenagaz batera burutu da, hain zuzen be, Galdakaon biktima-kopuru handiena eragin ebanean, 24 hildako puntu horretan egoan babeslekuan, 1937ko maiatzaren 19an.

Senideek, Korporazioak, eta Galdakaoko herritarrek partekatu dabe, Belen Madariagaren zuzendaritzapean, Maximo Moreno Abesbatzak hasi dauen ekitaldia, eta Juan Carlos Irizar konpositorek okasiorako prestatu eban diskoko musikak girotuta ("Galdakaoko Memoria Historikoa-La Memoria Histórica de un pueblo llamado Galdakao").

Biktima hareen senide zuzenek ekitaldian parte hartu dabe omenaldiari garrantzia emonaz. Enrique Jugok eta Rosalia Morenok, bonbardaketetan senideak galdu ebezan herritarrek, ahotsa ipini deutsie oroimenari.

"Galdakao padeció bastantes bombardeos. De diferente intensidad y, aunque con una variable lista de víctimas, siempre dejándonos una huella bastante dolorosa en el pueblo", partekatu dau Jugok. "La vida pasa y pasan los años, pero un pueblo sin memoria es un pueblo sin identidad. En Galdakao intentamos que no sea así, conservando una memoria viva, que es el mejor legado que podemos dejar a los jóvenes", komentatu dau Morenok.

Bertan egon diran senideei, eta gure artean ez dagozanak gogoan, Andra Mari Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskaini deutsie.

Interbentzioan, alkateak azpimarratu dau "gaur gugaz dagozan biktima hareen senideak eredu ditugula Galdakaok memoria zelan gordetzen dauen ikusteko. Eta hori gogoan, tolerantziaz eta erantzukizunez, irakaspen asko ateratzen jakin dabela, orain herria egitea ahalbidetuz".

Senide honeek eta publikoaren artean egon dan jentea larrosa bat jasotzen joan da, Plazakoetxen gertaera hareen oroimenez eregitako monolitoaren ondoan ipinteko. Bitartean, Andrea Arrizabalagak, Gerra Zibila piztu eban Estadu frankistaren altxamenduaren ondorioz, asaldatutako urte hareetan hilda gertatu ziran galdakoztar guztien izenak aitatu dauz banan-bana: bonbardaketetan hil ziran herritarrak, frentean hildakoak, fusilatuak., gaur egun gure artean ez dagozan 60 persona aitatu ebazan.

Maximo Moreno Abesbatzak "Agur Jaunak" kantauta amaitu da ekitaldia, Memoria Historikoa berreskuratzeko Galdakaon orain dala urte batzuk hasitako lanari jarraipena emonaz.