Galdakao Burdin Hesiaren lubaki baten berreraikuntza amaitzen dabil, Memoria Historikoaren Berreskurapena balioan jartzen jarraitzeko

Galdakaok laster Burdin Hesiaren lubaki estaldu bat izango dau, Bilboko defentsarako, altxamentu frankistak aurrera ez egitea ahalegintzeko, 1937an egin ziranen modu-modukoa.

Galdakaoko udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi Zientzia Elkartearen aholkularitza teknikoaz eta Galdakaoko Gogora alkarteak lagunduta, bultzatu dabe obra hau, Burdin Hesia zaintzeko eta balioan jartzeko urratsak emoten jarraitzeko.

"Proiektu hau mimoz hartu dogu Burdin Hesiaren ibilbideetako batean sartzeko, ezagutu daiten eta eginkizun dikatikoa bete dagian. Ganera, holan lortuko dogu Galdakaoren lekua indartzea Bilboko Burdin Hesiaren hondakinak berreskuratzeko erreferente gisa", komentatzen dau Errupin Jauregi Memoria Historikoaren zinegotziak.

Interbentzino honen arrazoi nagusiena, udalerrian Memoria Historikoa Berreskuratzea da. Badira urte batzuk jada udalerriko memoria historikoa berreskuratzeagaz lotutako ekimenak burutzen dirala, 1936ko altxamentu frankistari aurre egin eta ondoko diktadura sufridu eben herritarren duintasun-eredua sozializatzeko helburuagaz.

"Jarduerok balio dabe herritarrak kohesionatzeko, historiaren ezagutza handitzeko eta belaunaldi barrien herriko nortasuna indartzeko. Era berean, udalerrian dagozan burdin hesiaren gune batzuk garbitu eta seinalizatu dira", Aranzadi Zientzia Elkarteak kasu honetarako prestatu dauan proiektuak jasotzen dauen moduan.