Galdakao Burdin Hesia kontserbatzeko eta haren balioa azpimarratzeko lankidetza-protokoloari gehitu zaio

Galdakaoko Udalak Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak kontserbatzeko eta haren balioa azpimarratzeko lankidetza-protokoloa sinatuko du, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Bizkaiko beste 24 udalekin batera.

Fernando Izagirre alkateordea, gaur, ostirala, ekinbide horren aurkezpenean egon da. Aurkezpena Bilbon izan da, Iñigo Urkullu lehendakaria zela buru. Galdakao Gogora elkarteko ordezkari bat joan da ekitaldira.

Aurkezpen horretara erakundeetako ordezkariak, dela Eusko Jaurlaritzakoak dela foru-erakundeetakoak, eta udalerri bakoitzean lan egiten duten elkarteak agertu dira. Tokiko ekinbideak aitortzeko balio izan du, baita Euskadiko ondare historikoaren zati horren balioa nabarmentzeko elkarrekin lan egiteko beharra azpimarratzeko ere.

Hurrengo asteotan sinatuko den protokolo horrek nabarmentzen du Bilboko Burdin Hesia eta Defentsak, 1936ko Gerra Zibilean egindako gotorlekua, gaur egun Euskal Kultura Ondarearen baliabide garrantzitsua dela, XX. mendeko gure historian garrantzi handiena izan duen gertaera bati lotua.

Gainera, xedatzen du protokoloa sinatzen duten administrazioek beren funtzioak eta eskumenak egikaritzean elkarrekin estuki lan egiteko beharra adierazten eta onartzen dutela, komunikazio, lankidetza eta elkarren laguntza osoko harremanen bidez, Bilboko Burdin Hesiko eta Defentsetako elementuak babesteko, baita Euskal Kultura Ondareari dagozkionak ere, eta horiek Memoriaren Ibilbideetan sartzeko, bakearen kultura sustatzeko asmoz.