Fusilatutako galdakoztarren gorpuzkiak berreskuratzeko kudeaketak hasi dira

Galdakaoko udala hasi da Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkiak berrekuratzeko kudeaketak egiten; frankistek Gerra Zibilean fusilatu eben eta, antza danez, Jacako hezurtoki amakomunean lurperatuta dago, Asuaren familiak emondako datuen arabera.


Kudeaketa honeek talde politikoen bozeroaleen bileratik hasi ziran (otsailak 23), EH BIlduko bozeroaleak eta Galdakao Gogora alkarteko ordezkari batek datu hori emon ondoren. Ibon Uribe alkateak konpromisoa hartu eban kudeaketak egiten hasteko.


Errupin Jauregi zinegotziak informatu ebanez, "kudeaketak hasiera-fasean dagoz eta hondino arinegi da ezer besterik aurreratzeko. Edozein kasutan, lehenengo familiari informatuko jako, gero, talde politikoei eta, aurrerago, herritar guztiei. Baina, barriro dinot, hasiera-hasierako fasean gagoz".


Datu honeek joan dan egueneko udalbatzaren osoko bilkuran emon ziran, ildo horretan EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zanean. Mozioan ahalegin handiagoak egin daitezala eskatzen da, fusilatu ebezan galdakoztarren gorpuzkiak aurkitu eta berreskuratzen saiatzeko, familiek daukiezan beharrizanei erantzunez.


Datu honeetaz gain, Galdakaoko udalak bilerak eta kontaktuak egin izan dauz Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzagaz, lan-ildo honetan jarduteko eta, ahal dan neurrian, Galdakaoko Memoria Historikoa berreskuratzeko aurrera egiten saiatzeko. "Ikusten danez, zeregin horretan konpromisoa dogu, berenez daukazan balioakaitik eta, era berean, 2006an, Korporazio honetako talde guztien artean gai honeri buruzko adierazpen instituzionala konpartidu gendualako", baloratu eban Jauregi zinegotziak.


Pedro Asuaren argazkia, Galdakao Gogorak lagata.