Erasmusekin etorri diren ikasle italiarrak Galdakaoko Memoria Historikoa lantzen ari dira

Italiako hegoaldean dagoen Casertako 6 ikasle Elexalde institutuarekin ari dira elkarlanean, Erasmus+ programaren barruan. Errumaniako bi irakasle bertoko hezkuntza sistema ezagutzera etorri dira

Hirugarren urtez, Elexaldeko institutuko ikasleek, Europako Erasmus+ programaren barruan, ‘Discover and share your identity mark’ proiektuan parte hartu dute. Honen barnean, azken urteetan Grezia, Polonia, Alemania eta Italiako ikasleekin trukeak egin dira, eta aurten Italia hegoaldean dagoen Caserta herriko 6 ikasle eta 2 irakasle etorri dira Galdakaora aste batez.
Aurten, ekimenaren helburu nagusia ikasleek errealitate berriak ezagutzea da, haien herriko testuinguruetatik haratago daudenak. Eta hori lortzeko, lurraldeen ondare kulturala, naturala eta historikoa deskubritu, partekatu eta hausnartu behar da. Horregaitik, Elexaldeko irakasleek azaldu dutenez, gaur egun "Memoria Historikoa lantzen ari dira ikasleak Erasmus+ proiektuaren barruan".

Horretarako, Galdakaoko institutuko ikasleek Gerra Zibilari buruzko hainbat bideo prestatu dituzte taldeka. Euskaraz eta ingelesez egin dituzte, eta Galdakaoko egonaldiaren lehen egunean erakutsi zizkieten Italiako gazteei. Izan ere, proiektua aukera paregabea da ere ikasleak haien artean ingelesez komunikatzeko eta hizkuntzaren maila hobetzeko.

Udaletxera eta Burdin Hesira bisitak

Aste honetarako jarduera programaren barruan, gaur Galdakaoko Udala bisitatu dute, eta Iñigo Hernando alkateak harrera egin die bertan. Honek ongietorria eman die eta "egonaldi on bat" opa die, baita "gure herriaz eta inguratzen gaituzten mendi eta basoez gozatzera" animatu ere. Halaber, 1931 eta 1936ko Korporazioen plaka oroigarria erakutsi die, 2013tik Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan dagoena. Gobernu horiek urterik gatazkatsuenak eta Gerra Zibila eragin zuen Estatu kolpe frankista bizi izan zituzten. 

Ildo horretan, bihar Burdin Hesiaren ibilbidea egingo dute, "gure monumentu historikoetako bat", alkateak esan duen bezala. Horrela, Gerra Zibileko elementu historikoak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola bunkerrak, babeslekuak eta garaiko lubaki ugari. Ibilbidearen bidez, Bilbo eta bere industrialdeak armada matxinatuaren erasoetatik babesteko balio izan zuen tarte honen mugarrietan sakonduko dute.

Bestalde, nazioarteko proiektu honen barruan, bi irakasle errumaniar ere etorri dira, lan egiteko modu berriak ezagutzeko eta haien hezkuntza-ereduak hobetzeko. Erasmus+ programaren beste formatu honek ere trukea dakar; izan ere, Elexaldeko bi irakasle astebete egon dira Errumanian, "hango hezkuntza sistema ezagutzeko eta gurea hobetzeko gauzaren bat ezar dezakegun ikusteko".