Elkarbizitza lantzeko deia egin du Galdakaoko Udalak Memoriaren Egunean

Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna dela eta, Galdakaoko Udalak ekitaldia egin du Ardanza Lehendakariaren Parkean, azken urteetan egin bezala. Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak hartu du hitza eta elkarbizitza eraikitzearen aldeko mezua zabaldu du. “Pairatutako sufrimendu guztiak” aintzat hartzeko deia egin du, gertatutakoa mahai gaineratzekoa, eta bakoitzak “dagoen tokitik eta dagokion heinean”, bere alea jartzekoa.

Lau oinarri nabarmendu ditu alkateak bere hitzartzean: Batetik, “aurrean dugunaren garrantzia ulertu” eta “enpatia ariketa sakona” egiteko beharraz ohartarazi du. Entzuteko deia egin du; bestearen lekuan jarri eta beste pertsona horrek dituen sentimenduak ulertzen ahalegintzekoa.

Besteen bizipenak errespetatzeak ez duela “norbere bizipenei uko egitea suposatzen” azaldu du, bestetik: “Nola ez dugu ba onartuko gure herrikide batek sufritu zuena?”. “Biktima guztien errealitate eta bizipenak aitortzen ditugu”.

“Memoria duin baten beharra” ere adierazi du alkateak, eta “etorkizunari begiratuko dion memoria zintzoa” egiteko konpromisoa berretsi du. “Ditugun zauri kolektiboek aurpegi eta begiak dituzte, eta udal mailak izugarrizko garrantzia dauka herrietatik bertatik gauzak mugiarazteko”, adierazi du.

Oinazea ez errepikatzeko oinarriak ezarri beharra ere aldarrikatu du, azkenik, eta “ondorengo belaunaldientzat gizarte hobea uzteko” lan egin beharra plazaratu du. Bide horretan, “egia, justizia eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko” deia egin du, eta begirada horrek “gizartea minean harrapatuta ez geratzeko” baliagarria izan behar duela azaldu du; “eta ez arrazoia izateko, ezta bestea erruz janzteko ere. Begirada garbi horrek beste zentzu bat izan behar du: ahal den neurrian biktimek pairatutako sufrimendua arintzea”. Bide horretan lanean jarraitzeko asmoa adierazi du, “biktima guztiek, salbuespenik gabe, behar eta merezi dutelako”.