- Castellano
- Euskera
Ekitaldi zirraragarria Galdakaon Gerra Zibileko biktime eta hogeita hamargarren hamarkadako korporazioen omenez
"Dinamita"ko (gaur egun Maxxam) fabrikaren adarrak, orain laurogeita hamar urte Galdakao bonbardatzeko etorren abiazio faxista ikusitakoan herritarrei abisatzen eutsien. Gaur barriro jo dau adar horrek Plazakoetxen, orain dala ia hamar urtetik hona maiatzaren 19 bakotxean egiten dan moduan.
Minutu bateko isilunea izan da, adarraren soinu zoliak soilik bete dauena. Oroigarri gisa egin dan keinu bat izan da, gaur, Galdakaon Gerra Zibileko biktimen eta hogeita hamargarren hamarkadan lan demokratikoa zapuztu jaken korporazioen omenez egin dan ekitaldi zirraragarria.
Ekitaldia Galdakaon biktima gehien eragin eban bonbardaketa frankistaren 80. urteurrena bete dan egunean izan da. Hain zuzen be, puntu horretan egoan babeslekuan 24 hildako izan ziran, 1937ko maiatzaren 19ko bonbardaketan.
Senideak, Korporazioa, eta galdakoztarrak, alkarregaz egon dira ekitaldian, Máximo Moreno Abesbatza lagun, Belén Madariagaren zuzendaritzapean, eta Juan Carlos Irizar konposatzaileak horretarako egin eban diskoa entzunez ("Galdakaoko oroimen historikoa-La Memoria Histórica de un pueblo llamado Galdakao").
Ekitaldia urtero errepikatzen da Memoria Historikoa Berreskuratzeko markoan. Aurtengoan, 1931n eta 1936an, Udal honetan zinegotzi izandakoei be esplizituki omenaldia egingo jake, Udaletxeko Areto nagusian jarrita dagoan plakak gogorarazten dauen moduan, hitzez hitz halaxe dinoana: "2012ko apirilean Galdakaoko Udalak 1931 eta 1936ko Korporazioen hautetsi karguak oroitu eta aitortza egitea erabaki zuen. Horrela, orduko urte gatazkatsuetako estatu kolpe frankistak piztu zuen Gerra Zibilaren ondorioz, Galdakaoko herriaren ordezkari demokratiko lez bete behar zuten lana zapuztuta geratu zitzaien pertsona haiek omendu nahi ditu".
Galdakaoko Korporazioko bozeramaleek parte hartu dabe gogoratzeko eta gaurkoa bezalako ekitaldien helburua indartzeko, konbultsioak jotako urte hareetako korporazioen lan demokratiko laudagarrian azpimarra jarriz.
Urte hareetako zinegotzien senide zuzenek plaka bat hartu dabe autortza instituzional gisa, hain zuzen be, Galdakaoko udaletxeko areto nagusian, 2013an eskegitako plakaren erreprodukzioa eta gaur, barikuz, Elai-Alai Musika eta Dantza Taldearen eskutik, ohorezko aurreskua dantzatu jake.
Azkenik, Máximo Moreno Abesbatzak "agur jaunak" kantau dau, Galdakaon Memoria Historikoa berreskuratzeko, ekin eta jarrai, orain dala zenbait urte hasitako lanari eutsiz.