Eguaztenean emakumeen ikuspuntutik udalerriak izandako bilakaerari buruzko dokumentala aurkeztuko da Galdakaon

Galdakaoko hamahiru emakume dira Torrezabal Kultur Etxean, eguaztenean, aurkeztuko dan dokumentaleko protagonistak (19:00h, sarrera librea), udalerriaren historia hurbilaren zati bat eurek interpretatuta jasotzen dauena.


Dokumental honegaz amaiera emongo jako Galdakaoko udalaren Berdintasun Arloak, "Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna" dala eta, hil osoan zehar, proposamen eta ekimen desbardinakaz bultzatutako programazioari.


Gaur, eguaztena, entreinatzen dan dokumentalak ordubeteko iraupena izango dau, eta Begońa Ormaetxe arloko zinegotziak azpimarratu dauenez, "Galdakaoko emakumeen memoria historikoa berreskuratzen da bertan, egunerokotasunari merezidu dauen balioa emonaz. Galdakaoko emakumeek udalerriaren eraldaketa sozialaren aldetik egin dabena berreskuratu eta ikusiarazo behar dogu".


Dokumentalaren protagonista batzuk estreinaldia baino aurreko une honeek partekatu dabez, dokumentalak daukan emozioen aldea azpimarratuz. "Garrantzitsua da gure ikuspegiaren lekukotasuna, askotan isildua, jasota geratzea", baloratu dabe protagonistek.


Lekukotasunak ez dira orain arte jaso, Ormaetxek azpimarratu dauenez, "emakumeak etxe barruan zokoratuta eta betiko bigarren planoetara baztertuta egon diralako, nahiz eta gure herriaren historian ezinbesteko protagonistak izan. Plazetan, kaleetan, ezta liburuetan be, ez da historiak isildutako eta ikusezin bihurtutako lana autortuta azaltzen".


Galdakaoko emakumeak dira guztiak, batzuk berton jaioak, beste batzuk haurrak zirala etorriak eta beste batzuk bizitza hobe baten bila negusi zirala heldutakoak, dan-danak Galdakaoko emakumeak; ideologia eta profesio desbardinekoak. aldatzen dagoan Galdakaoko herriaren ikuspuntua emoten deuskue, euren bizipen eta oroitzapenetatik.