Burdin Hesiaren trintxera berreraiki da Galdakaoko Solozarretan Memoria Historikoaren Berreskurapenari balioa emonaz jarraitzeko

Galdakaok Burdin Hesiaren trintxera bat estalduta dauka, frankisten altxamendua aurrera egin ez dagian saiatzeko helburuagaz berregina, 1937an eregitakoaren modu-modukoa.


Non dagoan errazago jakiteko, hain zuzen be, Solozarretako parajean, Altamira auzotik hur, amaitu da Burdin Hesiaren zati hori buruzko seinalizazino-lana.


Lan biak, trintxera eta seinaleak, Galdakaoko udalaren, Galdakao Gogora alkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren artean egin dan ekitaldian aurkeztu dira gaur, martitzena, Aranzadi Zientzia Elkartearen aholkularitza teknikoagaz. Erakunde horreek guztiak izan dira obra hau bultzatu dabenak, beti be Burdin Hesia zaindu eta balioa emoteko urratsak emoten jarraitzeko.


Era berean, ekitaldian autortu jake Obra eta Zerbitzuetako langileei egin daben lana, baita Udalaren Enplegu Berdearen Planean diharduen personei be, sasiak garbitu eta inguruaren mantenimentu-lanetan lagundu dabelako.


Seinaleei jagokenez, gaur, martitzena, aurkeztu da otsailaren 2an, udaletxe inguruan lehenengo seinalea ipiniz, inauguratu zan lanaren amaiera.


Galdakao izan da halango seinaleak ipini dauzen 33 euskal udalerrietako lehenengoa. "Burdin Hesia eta Bilboko defentsak zaintzeko eta balioa emoteko, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Arabako Foru Aldundiaren eta lurralde biotako udalen lankidetza-protokoloa"n jasotako erakundearteko lankidetzaren emaitza izan da, Galdakaoren kasuan, urtarrilaren 23an sinatu ebana.


Guztira, Galdakaon 10 panel informatibo eta hogei bat norabide-seinale ipini dira, herritarrak errazago ibili daitezan jente guztiarentzat zabalik dagoan ibilbide horretatik. Izan be, ibilbidea Elexaldetik edo merenderotik, Altamiratik hur, hasi lei, Oilarretik Viveroranzko igoeran.


"Era berean, Galdakaoko udalaren jarduera honetan trintxera bat berreraiki da, 10 metroko luzera dauka eta izei-enborrez estalduta dago. Zereginetan zaharbarritze- eta berraikuntza-lanak egin dira, irisgarritasuna egokituz eta Solozarretako defensa-sistemaren inguruari duintasuna emonaz", azaldu dau Errupin Jauregi zinegotziak.


Horretarako, 2017an Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu jakon, sasoi batean trintxera estaldua izan zana berreraikitzeko proiektua erredaktatzea, Burdin Hesiaren zati honi balioa emoteko eta berregiten laguntzeko. Obraren zati bat Eusko Jaurlaritzak subentzionatua egin da, zaitasunak zailtasun, azken hilotan izandako euriei aurre eginez.


Jimi Jimenez, Aranzadiko kideak, gaur plazaratu dan proiektuaren zehaztasunak azaldu dauz, obraren helburu didaktikoari balioa emonaz: "Bisitatuko dutenei ezagutaraztea, memoria historikoa berreskuratzeari lagunduz".