85 urteren ondoren, Galdakaora itzuli dira 1938an Jakan fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpuzkiak

Pedro Asua Zubiaur miliziano galdakoztarra 1938an fusilatu zuten Jakan eta bere gorpuzkiak hobi komun batean ehortzita egon dira orain arte. Asuaren senide batek duela urteak bere osaba handia non lurperatuta zegoen jakin nahian hasitako bide luzearen ondoren, Asuaren familiak atseden hartu du, bere gorpuzkiak Galdakaora ekarrita. 


Ikerketa askoren eta lan handiaren ondoren, lortu du Asua non lurperatuta zegoen jakitea, Jakako hilerrian lokalizatzea, desobiratzea eta bere herrira, Galdakaora, ekartzea. Are, zirkulu bat itxi da, poetikoki bada ere, bere lurrak zirenetara itzuli baitira gorpuzkiak. Elexaldeko lur zati handi baten jabe zen bere familia, orain hilerria dagoen lekua eta ingurua barne, eta oinordekotzan jasoko lituzke gorpuzkien atseden leku izango den Elexaldeko lur eremua.
Ez hori bakarrik: Inguru horietan kolunbario bat eraikiko da eta Asuarenak izango dira bertan gordeko diren lehen gorpuzkiak. 1936ko Gerran hildako gudari eta milizianoek izango dute lekua oroimenaren eta duintasunaren kolunbario horretan. Burdin Hesiak zeharkatzen duen eremuan kokatuta, gerra hartan estrategikoa izan ziren lurrak izango ditu kokaleku kolunbarioak, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak eta Jose Antonio Rodríguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak jakinarazi dutenez. Hain zuzen, bi instituzioen arteko akordioaren emaitza izango da kolunbario berri hori.
Asuaren gorpuzkiak aurkitu eta bere lurretara itzultzea ere elkarlan handi baten emaitza izan da: Galdakao Gogora talde memorialistikoa duela urte asko hasi zen 1938an fusilatu zuten herrikidearen arrastoen bila. Duela 18 urte, Josu Larrea murgildu zen buru belarri bilatze lanetan. Asuaren loba txikia da Larrea, eta bilaketa etengabean eman ditu azken urte luzeak. Eta azken hiru urteotan, ordura arte egin ezin izan dituen urrats erabakigarriak egitea lortu du Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, gorpuzkiak berreskuratzea lortu arte. 


Aurrez Galdakao Gogorak eta Larreak berak Jakako hainbat herritarren eta Círculo Republicanoren laguntzarekin egindako azterketek adierazten zuten Jakako hilerriko hobi komun jakin batean zeudela Asuaren gorpuzkiak. Bertatik atera eta etxera ekartzeko helburuarekin, Galdakaoko Udalera jo zuen Larreak laguntza eske. Iñigo Hernando alkateak ahalegin guztiak egiteko konpromisoa hartu zuen, eta elkarlana amaiera artekoa izan da; eskuz esku aritu dira helburu horrekin lanean. Udalak Ander Aperribai historialaria kontratatu, Jakako alkate Juan Manuel Ramónekin  Jakan bildu, Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu, Jakako Udalarekin zein Aragoiko Gobernuarekin tramitazio guztiak bideratu, eta desobiratze lanak egin ditu Aranzadik. 


Azterketek baieztatu egin dute gorpuzkiak Asuarenak direla, eta, gaurko ekitaldian, familiaren esku utzi dituzte. Aranzadiko, Jakako Círculo Republicanoko eta Galdakao Gogorako ordezkariek eman dizkiete gorpuzkiak Bego Larreari (Pedro Asuaren iloba) eta Josu Larreari (iloba txikia). Jakako hilerriko hobi komunetik atera, Galdakaora ekarri, eta familiaren esku utzi dituzte. Emate horretan alboan izan dituzte Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Javier Acín Jakako Udaleko alkateordea eta Jose Antonio Rodríguez Eusko Jaurlaritzako sailburuordea.
Elkarlanaren balioa nabarmendu dute, hain zuzen, parte hartzaileek. Izan ere, jatorri eta sentsibilitate desberdin askotako erakunde, eragile eta pertsonek elkar osatuz egindako lanari esker lortu da gorpuzkiak Jakatik Galdakaora ekartzea. Jakako ordezkariei esker ona adierazi diete horregatik Galdakaoko eragileek zein familiak. 


Jakako kideek, galdakoztarrentzat, Asuaren senideentzat, Galdakaoko alkatearentzat eta Aranzadirentzat izan dituzte esker hitzak. Izan ere, ate bat zabaldu zaie haiei ere: 400 pertsonaren gorpuzkiak daude lurperatuta Jakako hilerriko hobi komunetan, eta Pedro Asuarena izan da desobiratu den lehena. Bide horri heldu, eta desobiraketa gehiago egiteko tramitazioetan ari dira orain Jakan, besteak beste Jaka bertako zein Leongo senide batzuek eskatuta.


Galdakaok, bere aldetik, memoria historikoa berreskuratzeko bidean jarraituko du, kasu honetan Bizkaiko kolunbario berria izango denaren diseinuan eta eraikuntzan lan eginez.