1936ko gerraren biktimak omenduko ditu Galdakaoko Udalak, bihar, asteartea

Eguaztena zen, arratsaldeko lehen orduak. Ohiko beharretan zebiltzan herritarrak, lasai, Dinamitako sirena hots ozenak lasaitasuna apurtu zuen arte. Urduritasuna, babesgunera arteko korrikaldiak. Itxaronaldi lehertuak. Zarata, eztandak, oihuak, odola. Sua zerutik, babesteko ahaleginean zeuden herritar xumeen kontra. Noraeza, begi izoztuak. Ezin ulertua. Malkoak, isiluneak, bonbak, dardarak. Hautsitako bizitzak, indarrez suntsitutako herria. Ordutik aurrera, ezer ez zen berdina izango.

1937ko maiatzaren 19a zen. Galdakaok 1936ko gerran jasandako pasarterik latzena bizi izan zuen. Francoren agindupean zeuden hegazkin alemaniar eta italiarrek Galdakao bonbardatu zuten. Bonba bat Plazakoetxeko babeslekuaren atean erori zen, eta garaiko prentsaren arabera, 15 herritar hil ziren ondorioz. Hau ez zen bonbardaketa bakarra izan. 1937ko udaberrian 16 bonbardaketatik gora sufritu zituen Galdakaok. Hamarnaka herritarren heriotza.

Frankismoak eragindako biktima horiek gogoratu eta omenduko ditu Galdakaoko Udalak, bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ordu horretan La Dinamitako sirenak joko du, bonbardaketa abisua emateko egiten ohi zuen bezala. Ondoren lore eskaintza egingo da, Plazakoetxeko monolitoan eta babeslekuan. Hartu beharreko babes neurriak direla eta, ekitaldi honetara biktima baten senitarteko bat, Galdakao Gogora taldeko kide bat eta udalaren ordezkariak bertaratuko dira, alderdi bakoitzeko bat.

Baina herritarrek ere parte hartu ahal izango dute ekitaldi honetan. Udalak dei egiten die 12:00etan  sirena hotsa entzuten dutenean euren balkoietara ateratzeko faxisten bonbek hildako galdakoztarrak omentzeko, txalo eginez, irrintzia botaz, abestuz....

Omenaldiak jarraitu dezan, gure herriko pasarte latz honi buruzko bideo labur bat jarriko du ikusgai sareetan Galdakaoko Udalak: Galdakao 1937-Maiatzaren 19ko sarraskia. Eskerrak eman nahi dizkiegu bideoaren prestaketan lagundu duten Galdakao Gogora elkarteari eta Josi Sierrari, Udaberri Galdua dokumentalaren egileari.

Memoria bizirik, herri justuago bat eraikitzeko.