Burdin Hesia: Zer da?

Bilboko Burdin Hesia, “Bilboko Lubaki Zelaia” izenaz ere ezagutzen zena, Bilbo eta bere kanpoaldeko industrialdeak inguratzen zituen 80 kilometrotik gorako gotorleku eta defentsa multzoa zen. Armada matxinatuaren erasoez babestea zuen helburu.

Gotorlekuak Punta Luzerotik Suduperaino zihoazen, eta Ganekogorta, Ugao, Upo eta Usansolotik jarraitzen zuten. Gaztelumendiraino heltzen zen, Galdakao eta Larrabetzuko lurrak zeharkatuz, eta hortik kostalderaino, Sopelan eta Barrikan amaituz.

Atal honetan jasotzen den dokumentazioa, Galdakao Gogora elkarteak eta Galdakaoko udalak elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Izan ere, Erakundeok Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuarekin batera dihardute lanean, fortifikazio-obra hau zaindu eta balioan jartzean alde. (Orri honetan ageri den gudarien irudia Juan Zamalloaren sendiak utzi digu).

Burdin Hesia: Galdakaon

Eusko Jaurlaritzak 1936ko urriaren 5ean agindu zuen Burdin Hesia eraikitzea. I. Mundu Gerrako Maginot eta Sigfrido Lerroak izan zituzten eredu. Alberto de Montaud y Nogerol Ingeniarien Kidegoko Komandanteak, Gerrako Goi-eskolako Gotorlekuen irakasleak, diseinatu zuen. Pablo Murga eta Alejandro Goicoechea Ingeniarien Kapitainek zuzendu zituzten lanak. 2.000 eta 14.000 lagun inguru izan ziren lanean, talde tekniko zabalaren laguntzaz.

Hainbat galdakoztarrek hartu zuten parte Burdin Hesiaren eraikuntzan, tartean Victor Bengoetxeak eta Nicolas Alonsok. Ume koxkorrak ziren orduan; astoa hartu eta lanak egiteko materiala eta beharginentzako ura eramaten zituzten hara eta hona. Piru Gainza Athletic futbol taldeko jokalari ezaguna ere hemen izan zen beharrean, lubakietako zangak egiten.

Pablo Murga kapitaina, Jose Anglada komandantea, Wakonigg Austria-Hungariako kontsula eta Martinez Arias Paraguaikoa harrapatu egin zituzten Burdin Hesiaren planoak armada kolpistari eman nahian zebiltzala. Epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zieten. 1936ko udagoienean fusilatu zituzten.

Alejandro Goicoecheak jarraitu zuen lanekin, harik eta 1937ko otsailaren 27an, etsaien aldera joatea erabaki zuen arte. Bilbo eta fronteko beste leku batzuetako defentsen planoak eman zizkien frankistei. Eremu batzuk, gainera, defentsa eskasekin utzi zituen apropos. Informazio baliotsu horri esker, eta airez zein artillerian nagusitasun nabarmena izanik, armada frankistak ekainaren 12an Burdin Hesia hautsi zuen. Ahulgune batetik egin zuten eraso: Bizkargiko frontetik, Urkulu eta Gaztelumenditik, Larrabetzun.

Burdin Hesia: Horrela bizi izan zuten

Bisitatuko ditugun lekuei Galdakaoko Sektorea eta El Galloko Sektorea izenez ezagutzen zitzaien. Burdin Hesiak lerro gainjarri batzuk zituen hemen, lubakiak, bideak sigi-sagan, babeslekuak, biltegiak, metrailadore-habiak, gotorlekuak fusilarientzako galeriekin eta alanbre-hesiak. Burdin Hesiaren aztarna gehien dituen herrietakoa da Galdakao, hain zuzen ere.

Gerrak iraun zuen bitartean hamaika aldaketa izan ziren arren, Burdin Hesia jausi aurretik, lubaki hauek jatorri guztiz desberdinetako batailoiek defendatu zituzten. Hemen izan ziren, besteak beste, Amuategi, Rebelión de la Sal, Malatesta edo Simon Bolibar batailoiak, eta erretiran zihoazela, baita Azaña-Bizkaia eta Durruti ere bai. Hildako ugari izan zituzten, batez ere ekainaren 14an, Galdakaoko ekialdeko borrokaldietan.

Burdin Hesiaren lanek ikaragarrizko esfortzua eskatu zuten, hala ere ezer gutxirako balio izan zuten azkenean. Traizioak, alde batetik, eta Alemania, Italia eta Francoren armaden aireko eta artilleriako nagusitasunak, bestetik, erabakigarriak izan ziren. Ekainaren 19an, Bilbo eta bere inguruko industria guztia faxisten esku geratu ziren.

Burdin Hesia: 1936ko Gerra

1936ko uztailaren 17ko Estatu Kolpeak hasi zuen gerra. Egun horretan, jeneral talde bat hauteskundeetan aukeratutako Espainiako Gobernuaren kontra altxatu zen. Euskal Herrian, ia hasieratik, Nafarroa eta Araba tropa frankisten menpe geratu ziren. Baina, fronterik izan ez arren, Nafarroan errepresio bortitza izan zen. Bizkaia eta Gipuzkoa Espainiako II. Errepublikaren aldekoak ziren.

1937ko apirilerako Bizkaian zegoen frontea, eta urrirako gerra amaitutzat eman zuten “Iparraldeko Frontea” deiturikoan. Milaka hildako izan ziren, tartean zibil ugari. Bonbardaketek herri eta hiriak txikitu zituzten, sarraski izugarriak izan ziren. Galdakaon ere hainbat bonbardaketa jasan genituen.

Franco jeneralak gidatutako armadaren nagusitasuna ulertzeko, ezinbestekoa da Adolf Hitler eta Benito Mussolini agintari faxistek emandako laguntza kontuan izatea. 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen gerra, baina 40 urteko diktadura ankerraren hasiera besterik ez zen izan.

MapaIbilbideen kokalekua

Ibilbidea 1

  • Zailtasuna: Handia
  • Distantzia: 6,9 km.
  • Pilatutako desnibela: 258 m.

Ibilbidea 2

  • Zailtasuna: Media
  • Distantzia: 3,6 km.
  • Pilatutako desnibela: 175 m.

Ibilbidea 3

  • Zailtasuna: Media
  • Distantzia: 1,5 km.
  • Pilatutako desnibela: 115 m.

Ibilbideen Gurutzaketa

Ibilbideak elkartzen diren tartea

Herritarrentzako Babeslekua

Biltegia/Bolborategia

Babesleku Militarra

Lubakia

Gotorlekua Fusilarientzako galeriarekin

Metrailadore-habia

Lubaki estalia

Lubakia sigi-sagan

Interes-puntua:Herritarrentzako Babeslekua

Herritarrek babeslekuetan ostendu beharra zuten, abiazioaren edo artilleriaren bonbardaketetatik babesteko. Babesleku batzuk beren-beregi egindakoak ziren, eta beste batzuk, ostera, han bertan lehendik zeuden zulo eta meategiak aprobetxatuz egokitu ziren.

Herriguneetako babeslekuek makina bat lagunentzako lekua zuten. Baserri inguruetako babeslekuak, berriz, txikiagoak ziren; auzokoek eurek atontzen zituzten, etxeetatik urruntxo, arriskua txikiagoa izan zedin.

Altamirako auzuneak zenbait bonbardaketa jasan zituen. Auzokoek babesleku txiki hau egin zuten, euren etxeetatik urrun badaezpadan. Sarbide nagusi bat zeukan eta, beste bat, larrialdietarako. Pentsa ezazue zelango beldurra eta izua sentituko zuten holako zulo batean sartzeko!

Plazakoetxe inguruan bonba bat jausi zan babesleku baten erdi-erdian. 15 lagun hil zituen bonbak, tartean 8 neska-mutiko.

Galdakaoko bonbardaketa. Bekea eta inguruak (1937)

Interes-puntua:Babesleku militarra

Hainbat motatako babesleku militarrak daude: lurrean hondeatutakoak, hormigoizkoak edo harri-hormazkoak.

Batzuk, aurrean dugun hau lez, zuzenean lurrean zulatuta daude, ?omeategi-galeria" moduan. Oinplanoa ?oE? itxurakoa dauka, hiru sarbide edo ebakuazio-bide izateko. Horrela, sartu-irtenak errazagoak ziren leku desberdinetatik, euretako baten bat bonbardaketa batean hondatuko balitz ere.

Gutxi gorabehera 12-15 metroko tamaina du babeslekuak, ?oE?horren zati luzean, eta 4-6 metrokoa hiru sarbideetan. Gutxi dira 160cm-tik gorako altuerako galeriak, eta zabalera 80cm - 1m bitartekoa izaten dute. Barrualdea umela eta klaustrofobikoa da, 20-30 soldadu sartzeko modukoa.

Sarbideetako bat guztiz jausita dago, eta bestea ia-ia itsu geratu da. Ez da segurua, ez sartu!

Babesleku militar baten erreprodukzio infografikoa

Babeslekuaren oninplanoko bista.

Interes-puntua:Gotorlekua fusilarientzako galeriekin

Fusilarientzako galeriak dituen gotorleku baten erreprodukzio infografikoa

Zenbait metrailadore-habiak atal berezi batzuk dauzkate ezker-eskuma: fusilarientzako galeriak dira. Lubaki era dute, eta horma eta sabaiak enborrekin, horma-harriz edo hormigoiz eginda daude.

10-15 metroko luzera dute, eta gezileiho txiki batzuk, metrailadoreari laguntzeko edo honek hartzen ez dituen angeluetara tiro egin ahal izateko.

1937ko otsailean, Alejandro Goicoechea traidorearen arabera, tiro egiteko galeriadun habia bakarra zegoen eraikitzeko prozesuan, baina jakin badakigu ekainera arte gehiago egin zirela.

Galdakaon eta Usansolon horrelako bost gotorlekuren hondakinak daude.

Ikusten dugun hau oraintsu hondeatuta dago. Erdiko bunkerra dauka, metrailadore birentzat, eta alboetara fusilarientzako galeria bi ere baditu.

Interes-puntua:Lubaki estalia

Lubaki batzuek altuera bi zituzten barrualdean. 50 cm inguruko eskailera-maila edo koska zuten hondoaren gainetik, metro bateko karela eta gaineko parapetoa 30 cm-koa.

Eskailera-maila gainera igota, soldaduek tiro egiteko gorputzaren zati txiki bat besterik ez zuten agerian utzi behar. Eta beheko arekan, leku batetik bestera ibili zitezkeen etsaiaren tiro-eremutik kanpo.

Batzuetan, lubakia enborrez edo pinu apeaz estaltzen zen, parapetoaren gainean zeuden beste batzuen gainean ipinita. Lurrez estaltzen zuten dena, 30 cm-rainoko lodierako lur geruzekin.

Lubaki mota hau ez zen sarri egiten, gainontzekoek baino lan eta material gehiago behar zituelako. Hala ere, inguru hauek babesten zituzten lerro batzuetan ageri dira.

Interes-puntua:Lubakia

Lubaki batzuek altuera bi zituzten barrualdean. 50 cm inguruko eskailera-maila edo koska zuten hondoaren gainetik, metro bateko karela eta gaineko parapetoa 30 cm-koa.

Eskailera-maila gainera igota, soldaduek tiro egiteko gorputzaren zati txiki bat besterik ez zuten agerian utzi behar. Eta beheko arekan, leku batetik bestera ibili zitezkeen etsaiaren tiro-eremutik kanpo.

Batzuetan, lubakia enborrez edo pinu apeaz estaltzen zen, parapetoaren gainean zeuden beste batzuen gainean ipinita. Lurrez estaltzen zuten dena, 30 cm-rainoko lodierako lur geruzekin.

Lubaki mota hau ez zen sarri egiten, gainontzekoek baino lan eta material gehiago behar zituelako. Hala ere, inguru hauek babesten zituzten lerro batzuetan ageri dira.

Interes-puntua:Metrailadore-habia

1937ko otsailean, pentsatuta zeuden 1.400 metrailadore-habiatik 180 baino ez zeuden amaituta.

Diseinu ohikoenek metrailadorea kokatzeko plataforma dute, harekin jardungo duten soldaduentzako eremua eta babesleku bat eurentzat eta munizioarentzat.

Kanoi-zuloa, zirkuluerdi-formakoa edo karratua, eta teilatua besterik ez ziren lur gainean. Den-dena lurpean sartzen ahalegintzen ziren, edo bestela lurrez edo zakuekin estaltzen zuten. Sarbidea atzealdetik edo albo batetik zegoen.

Inguru honetan ondoko metrailadoreak erabiltzen ziren: Austriako Schwarzlose, Colt-Browning eta Lewis amerikarrak, eta Hotchkiss eta ShKAS sobietarrak, abioi errepublikar suntsituren batekoa hau.

1948. urtean, erregimen frankistarekin bat zetozen kontratista batzuei Estatu espainiarreko habia guztien teilatuak leherrarazteko baimena eman zieten.

Interes-puntua:Lubakia sigi-sagan

Edozein lubakiren antzeko zanga edo zuloak dira, baina sigi-sagan edo zeharka eginda daude. Horrela, lubakiaren zati bat bera ere ez da ilaran jarrita geratzen, etsaiaren bistara.

Era horretan, soldaduak arerioen zuzeneko tiroetatik babestuago zeuden; bai lubakien artean egiten zituzten joan-etorrietan, bai metrailadore-habia batetik bestera edo mendiaren bestaldeko maldan aldats goran zeuden lekuetara joan beharra zutenean.

Inguru honetan defentsarako hiru lubaki-lerro zeuden jarraian, eta horregatik guda-taldeen mugimenduak eta horniketak zanga hauetatik egiten ziren.

Igo