Igo
  • 2020/11/18

Zuhatzu ingurua atsegin eta bizigarriagoa egingo duten lanak abiatuko ditu Udalak abenduan

Biribilgune berri bat eraiki eta lotura-zubi bat egitea. Ibaia berdideratu eta ingurua biziberritzea. Oinezkoei eta bizikletei leku egitea. Hori guzti hori biltzen du Galdakaoko Udalak Zuhatzu ingururako aurkeztu duen lan sortak. Inguruaren eraldaketa Galdakao atsegin eta bizigarri baten bidean urrats esanguratsua izango dela azaldu du Iņigo Hernando alkateak; beste eremu batzuetara zabal litekeen ibilbidearen lehen urratsa dela. Hiru esku hartze nagusi ditu egitasmoak, elkar uztartuta bizitzeko eta mugitzeko aldaketa integralago bati bide egiten diotenak. Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu ditu lan multzo horietako bakoitzaren nolakotasunak:


1️⃣N-634 errepidean biribilgune bat egingo da datozen hileetan. Aurki esleituko dira lanak. Galdakao erdira iritsi aurretik norabide aldaketa ahalbidetzen duen gunean izango da errotonda, Zugutzu parean, eta Plazakoetxera heldu beharrik gabe Bilbotik datorren errepide nagusitik Zugutzura zuzenean iristea ahalbidetuko du. Ibaia zeharkatuko duen zubia egingo da hartarako. Saihesbide horrek ibilgailu gutxitzea ekarriko dio Galdakaoko sarrera nagusienetako bati, Plazakoetxeri. Hala, Zuzuguko bizilagunak eta bertako industria enpresetara doazen kamioiak Galdakao erditik edo Basauritik igaro gabe iritsi ahalko dira N-634 errepidera.


2️⃣Lehen lan hori baliatuta, inguru guztia lasaitu eta biziberritzeko beste lan batzuk egitea erabaki du Udalak. Txomin Egileor kalea norabide bakarreko bihurtuko du, eta horrela, oinezkoek zein bizikletek lekua irabaziko dute. Orain errepide denaren erdia espaloi eta bidegorri bihurtuko da, trafikoa nabarmen lasaituta.


Bidegorria Plazakoetxetik Zugutzuko Victor Anaia kalera helduko da, eta kale horretan oinezkoek lehentasun osoa izango dute: bertako bizilagunak soilik igaro ahalko dira bertara autoz, eta ezin izango da han aparkatu. Autoek, halere, izango dute non aparkatu: Formica lantegia zenaren inguruan 500 bat autoentzako aparkalekua egongo da (eta futbol zelaiko aparkalekua ere mantenduko da). Formica zen inguruko aparkaleku berritik futbol zelaira, tenis zein padel pistetara eta inguruko erresidentzietara berehala helduko da oinez, aparkalekua eta Hermano Victor kalea lotuta egongo baitira. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea egina dago jada bertan. Gainera, bidegorri hori ibaiertzeko pasealekuarekin lotuko da, Mercadillora arte helduko dena.


3️⃣Ibaiaren berbideratzetik etorriko da inguru atseginago batean bizitzea, eta beraz, auzokideen bizi kalitatea hobetuko duen beste lana. Bere garaian Ibaizabali kendu zitzaion lekua itzultzeko lanak egingo ditu Ura Agentziak aurki, hirugarren fasea gauzatuta: Arkotxan Firestone ingurutik Plazakoetxe ondorengo Torrezabal zubirainoko tartean egingo ditu berbideratze lanak abendutik aurrera. Uraren joan etorriari leku gehiago emanda uholde arriskua desagerraraziko dute lanek. Eta ibaiaren berbideratze hori egin ondoren, auzokideek eta oro har galdakoztarrek aisialdirako eremu ederra izango dute, udalak pasealekua egokituko baitu bertan.


Oinarri horiek jarrita eta bidegorri sare bat sortzen hasita, litekeena da aurrerantzean adar gehiago izango dituen lehen urratsa izatea honakoa.