Igo
  • 2021/02/17

Zugatzu parean biribilgunea egiteko lanak hasi dira. Eragina izango du N-634 errepidean

Zugatzu ingurua bizigarriago egiteko lanen artean, biribilgune bat egingo duela iragarri zuen Galdakaoko Udalak azaroan. Hasi dira lanak: N-634 errepidean, Bilbotik gatozela Galdakao erdigunera heldu aurretik norabide aldaketa egiteko aukera dagoen gunean, biribilgunea egiteko lanetan ari dira gaur goizetik. Urte erdi inguru iraungo duten lanek eragin zuzena izango dute Bilbo eta Galdakao lotzen dituen errepide nagusian. Murrizketak eta errail itxierak izango dira datozen sei hilabeteetan.


Sei hilabetean etenaldi, norabide aldaketa eta bestelako neurriak izango diren arren, ondoren ingurua lasaitzea ekarriko du. Galdakarako sarrera nagusietako batean ibilgailu gutxitzea eragingo du biribilgune berriak, batez ere Zugatzu auzoko industria enpresetara etengabeko joan-etorrian ibiltzen diren kamioiek sarbide zuzena izango baitute inguru horretara. Plazakoetxera heldu beharrik gabe, Bilbotik datorren errepide nagusitik Zugatzura zuzenean iritsi ahalko dute bai kamioiek, bai bertako bizilagunek, Galdakao erdiraino joan behar izan gabe. Hartarako, ibaia zeharkatuko duen zubia ere egingo da.


Trafikoa lasaitzea ekarriko duen lan sorta amaitu arte, N-634 errepide nagusiak murrizketak izango dituela jakinarazi nahi die Udalak herritarrei. Errepidea erabat moztu beharrik izango ez den arren zati bateko edo besteko trafikoa eten beharko da, txandaka, lanen faseen arabera.


Fase eta eragin hauek izango dituzte biribilgunea eraikitzeko lanek:


1️⃣ fasea. Hiru hilabete inguru beharko ditu gaur hasi den lehen faseak:


1-A fasea. Egun bat edo bi beharko ditu. N-634 errepideako bi norabideak bereizten dituen hesia kendu, norabide aldaketa egiteko errepidea baliogabetu eta seinalizazioa margotuko da lurrean. Horretarako errail azkarrak itxi egingo dira, bi norabideetan. Astiro joateko erreiak itxiko dira gero, seinalizazio bertikala jarri eta errepideko seinalizazioa margotzeko.


1-B fasea. Errepidea egokitu beharko da eta norabide bakoitzerako errail bakarra erabili. Hiru bat hilabete iraungo du bihar hasiko den murrizketak. Bilborako norabideko galtzada obretan egongo da, eta beraz, trafikoarentzako itxita. Donostirako norabidean doazen autoak galtzada horretako errail mantsotik joango dira, eta Bilborako norabidean doazenak, berez Donostirako norabidekoa den errail azkarretik.


2️⃣ fasea. 6 aste inguru beharko ditu. Donostiarako norabiderakoa den kanpoaldeko erraileko trafikoa Bilborako norabiderakoa den barnealdekora aldatuko da. Horrela, Donostiarako ohiko galtzada liberatuko da lanak egin ahal izateko.


3️⃣ fasea. Beste 6 aste inguru beharko ditu. Biribilgunea eginda egongo da kasik ordurako, eta norabide bakoitzeko trafikoa horietako bakoitzaren errail mantsora bideratuko da.


Bestelako inzidentziarik ez bada eta dena aurreikusi bezala garatzen bada, uda ondorenean amaituko dira lanak.


ℹ️ Zugatzu ingururako lanen berri nahi izatekotan, hemen duzue aurkezpeneko azalpenekin osatutako albisterako lotura:


https://www.galdakao.eus/gehiago/zuhatzu-ingurua-atsegin-eta-bizigarriagoa-egingo-duten-lanak-abiatuko-ditu-udalak-abenduan/1001815/10144868///1/zugutzu