Igo
  • 2021/03/25

ZETAK-ek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Torrezabalen apirilaren 17an

ZETAK musika elektronikoko talde nafarrak bere bigarren diskoa aurkeztuko du Galdakaon. Datorren apirilaren 17an izango da, arratsaldeko 18:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.


"Zeinen Ederra Izango Den" izenburuarekin, disko hau Pello Reparaz musikari, konpositore eta ekoizleak, taldeko gainerako kideekin batera, Gorka Pastor, Leire Colomo eta Iban Larreburu, elkarlanean egindako lanaren emaitza da. "Oinak lurrean eta ez hainbeste hodeian" sentitzeko helburuarekin, ZETAK-ek pandemian jasandakoaren aurrean mezu positibo bat helarazi nahi du ere: "hortik ikasten dugunak betiko iraungo du. Momentua da: bideratu dezagun bizi izan dugun guztia ilusioz. Dena gertatuko da. Eta oso ederra izango da. Zeinen Ederra Izango Den."


Kontzertu akustikoa izango da, Galdakaoko Udaleko Gazteria Sailak antolatua, eta gaur egungo euskarazko musika proposamenik ezagunenetako bat du protagonista, konfinamenduan egindako Talde Onenaren, Zuzeneko Onenaren eta Gai/Bideo Onenaren 2020ko Gazte sariak lehiaketaren irabazlea.


Sarrerak larunbat honetatik, martxoaren 27tik, aurrera erosi ahal izango dira ohiko saltokietan: Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian, www.galdakao.eus webgunean eta leihatilan kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago. Sarrera orokorraren prezioa 10 eurokoa da, 7,5 eurokoa Torrezabaleko bazkideentzat, eta 9 eurokoa Gazte txartela dutenentzat eta 65tik gorakoak, ikasleak eta langabetuak direnentzat.