Igo
  • 2020/06/20

Zergatik jantzi da emakume izenez Covid-19a?

Covid-19ak sortutako egoerak hainbat egoera utzi ditu agerian; horien artean, Covid-19aren feminizazioa. Argi hitz egin dute datuek, entzun nahi dutenentzat: azterketa zientifikoen arabera gizonezkoak coronavirusaren aurrean zaurgarriagoak dira, baina emakumeak askoz gehiago kutsatu dira. Kontraesana dirudien arren, argia da zergatia: emakumeak dira, oraindik, zaintza lanetan aritzen diren gehien gehienak. Oraingoan ere emakumeak aritu dira gaitzak jota egon direnak zaintzen, eta beraz, horiek izan dira birusarekin kontaktu handiena izan dutenak. Ondorioa: askoz gehiago kutsatu dira. Egoera horren aurrean hausnartzeko beharraz ohartarazi du Galdakaoko Udalak. Datuei begiratu eta hausnarketa egiteko deia egin die herritarrei, eta, bere aldetik, parekidetasunaren bidean urratsak egiteko bere esku dagoen guztia egiteko asmoa azaldu du.


Berdintasun Arloak genero ikuspegiarekin begiratu dio osasun krisiari. Bizitzarako esentzialak diren lanak gaur gaurkoz emakumeen ardura direla agerian geratu dela nabarmendu du, eta, pandemia garai honetan, beraiek izan direla lehen lerroan aritu direnak. Eustatek eta Emakundek bildutako iazko datuen arabera, esaterako, nagusien egoitzetako langileen %91 emakumezkoak dira, eta etxeko langileen %99. Erizainen artean ere andrazkoak dira gehienak: %73. Dendetan lehen lerroan egon diren kutxazainen %75 ere emakumeak dira, eta garbitzaileen %76.


Ez hori bakarrik; familiek eta administrazioek zaintza beharrei erantzun ezinda boluntarioek zaintza eta laguntza lan hori beregain hartu dutenean, emakumeak izan dira lan hori egin dutenak ere. Galdakaoko zenbakiek baieztatzen dute hori: biztanleak andrazkoen eta gizonezkoen artean erdibana banatzen diren arren, Covid-19 garaian Galdakaon boluntario aritu direnen %72 izan dira andrazkoak.


"Galdakaoko Udaletik, sistematikoki gertatzen den zerbait agerian ipini nahi dugu: zaintzaren eremu osoan funtsezko lana egiten dute emakumeek, ahalegin handia eskatzen duena eta kasu askotan ordaindu gabekoa dena lan ez produktibotzat hartzen delako, eta, hala ere, ikusezin bihurtzen dugu. Zergatik?", hausnartu du Nerea Orozko Berdintasunerako zinegotziak.


Aitortzarik gabe emakumeek egiten duten lan horrek ondorioak izan ditu pandemia garaian. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, gizonezkoak Covid-19aren aurrean zaurgarriagoak diren arren, kutsatu direnen %62 baino gehiago andreak izan dira. Hilkortasunak, gizonezkoen zaurgarritasuna baieztatu du, kutsatutako emakumeen %6,4 hil baitziren maiatzerako, eta kutsatutako gizonezkoen %10,6.


Berdintasunerako zinegotziak argi du rol soziala dela emakumezkoek pairatzen duten egoeraren arrazoia, eta gogoetarako deia egin du: "Bizitza erdigunean ipini nahi dugulako, hau aldatzeko hausnarketa proposatzen dugu, eta guk, administrazio gisa dugun erantzukizuna gure gain hartzen dugu; gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera aldarazteko bidean".


Denon artean lortuko dugu!