Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Zainketa aringarrien hitzaldia Galdakao

‘Zainketa aringarriak: komunitatearen garrantzia’ hitzaldiak heriotzari buruz hausnartuko du Iñaki Peña Bandres doktorearen eskutik martxoaren 26an, asteazkena

Gizarte zerbitzuak   2025/03/19

Topaketa Gandasegi eskolan izango da, 17:30ean. Sarrera librea da

Galdakaoko Udalak, Zainduz programaren baitan, ‘Zainketa aringarriak: komunitatearen garrantzia’ hitzaldia antolatu du. Gaixotasun larriak, aurreratuak edo sendaezinak dituzten pertsonen senideei eta zaintzaileei zuzendutako dibulgazio topaketa da, eta bizitzaren amaierako prozesuari ahalik eta modu naturalenean aurre egitearen garrantziari helduko dio. Hitzordua datorren asteazkenean izango da, martxoak 26, Gandasegi eskolako areto nagusian, 17:30ean. Sarrera doakoa da eta ez da beharrezkoa izena ematea.

Hitzaldia euskaraz eta gaztelaniaz izango da eta Iñaki Peña Bandresek emango du, 20 urte baino gehiagoz Debagoieneko Ospitalean (Arrasate) Zainketa Aringarrietako mediku laguntzaile izandakoa. Era berean, 2016tik 2023ra, doktorea Arinduz Euskadiko Zainketa Aringarrien Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide izan da, eta 2011tik da bertako bazkide. Hizlaria EHUko ‘Zahartze osasungarria eta bizi kalitatea’ masterreko irakaslea ere izan da 2014, 2016, 2018, 2020 eta 2022 urteetan.

Peña Bandres dolu prozesuei buruzko trilogia honen zuzendari eta gidoilari lanarengatik ere da ezaguna: ‘Aulki Hutsak’ (2013), ‘S(u/a)minetik Bakera’ (2017) eta ‘Mendian hil. Hirian hil‘ (2020). Azken ekoizpenari esker, Bilbao Mendi Film jaialdiaren euskarazko dokumental onenaren saria irabazi zuen 2022an. Azkenik, literaturaren arloan, joan den otsailean ‘Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat’ bere lehen liburua argitaratu zuen.

Beraz, hizlariak ibilbide luzea egin du gaur egungo gizartean tabua izaten jarraitzen duen gai batean: zainketa aringarrien zeregina heriotza duin baterako. Hori dela eta, hainbat tresna eta ezagutza baliotsu eskainiko dizkie gaixotasun larriak, aurreratuak edo sendaezinak dituzten pertsonen senideei eta zaintzaileei. Gainera, haientzat ere baliagarria izango da hitzaldiaren ondoren izango den elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioa, doktoreak bertaratutakoen galderei erantzungo baitie.