Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Zabalik dago kirol ikastaroetan izena emateko epea, hilaren 18ra arte

Kirolak   2022/09/05

Unkina kiroldegiko ordutegia zabaldu egingo da ekainera bitarte

Gaur, hilak 5, zabaldu da epea Urretako eta Unkinako kiroldegietan eskainiko diren kirol ikastaroetarako izena emateko. Zabalik egongo da irailaren 18ra arte. Aurre-inskripzioa aurrez aurre egin daiteke kiroldegietako harreretan eta baita online ere www.galdakao.eus web orrialdearen “Udal kiroldegien kudeaketak” atalean. 

Ikastaroetako plazak esleitzerako orduan, aukera berdintasunaren printzipioari eutsiko zaio; izan ere, ezarritako epe mugan egindako lehenengo eta azken izen-emateak batera sartuko dira irailaren 19rako (10:00etan Urreta kiroldegian) aurreikusitako zozketan.

Aipatutako zozketa hori egingo litzateke baldin eta eskatzaile kopuruak eskainitako plaza kopurua gaindituko balu. Lekuak horrela banatuko dira:

  • Diziplina bakoitzean dagoen plaza kopuruaren arabera
  • Ondorengo lehentasuna jarraituta:
    • Galdakaoko udal kiroldegietan abonatutako pertsonak
    • Galdakaoko udal kiroldegietan abonatuta ez dauden pertsonak

Hauek dira udal kiroldegietan eskainiko diren ikastaroak:

▶️ Kiroldegietako kirol eskaintza (PDF)

Behin aurre-izena emanda, eskatzaileek irailaren 20an jakingo dute ikastarorako hautatuak izan diren ala ez. Data horretatik aurrera, eta hiru egunez, hilaren 23ra arte, ordainketa egin beharko dute, ordainketa helbideratzea erabaki dutenek; izan ere, irailaren 30ean matrikula kobratuko da. Helbideratu nahi ez dutenek eta leihatilan ordaindu nahi dutenek, ordea, irailaren 25era arte izango dute ordaintzeko aukera, plaza galduko ez badute. 

Egunero zabalik

Ikasturte berriarekin batera, Unkina kiroldegiko ordutegia zabalduko da ekainera bitarte. Horrela, igandeetan eta jai-egunetan ere etengabeko ordutegia izango du 9:00etatik 20:00ak arte. Beraz, nahi izanez gero eta partidarik aurreikusita ez badago, kantxa alokagarri egongo da eta igerilekua ere zabalik.