Igo
  • 2021/07/01

Zabalik dago Gizarte Ekintzetarako diru laguntzak eskatzeko epea

Galdakaoko Udalak entitate sozialei, garapenerako lankidetzari eta haurren aldi baterako egonaldiari zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea ireki du.


Hiru dirulaguntza lerro dira, lehiakortasun egoeran: erakunde bakoitzak jasoko duen diru laguntzaren ehunekoa puntukako banaketa sistema baten bidez erabakitzen da, onartutako eskabide guztiek diru laguntza jaso ahal izateko. Puntuatzen dituzten irizpideetako batzuk hauexek dira: proiektuaren kalitate teknikoa, programekin lotutako familia kopurua, euskara eta genero ikuspegiarekiko tratamendua, elementu berritzaileak, programaren iraupena, zein kolektibori zuzenduta dagoen, etab.


Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, honako hiru dirulaguntza lerro hauetarako dago irekita deialdia:


1- Entitate sozialentzako laguntzak


Laguntza honen xedea gaixotasuna, ezintasunak edo muturreko beharrizanak dituzten pertsonei laguntza emateko helburuarekin eratu diren irabazi-asmorik gabeko elkarteek garatutako programak finantzatzea da.


Dirulaguntza lerro honek 16.000 euroko zenbatekoa du, eta onuradunak Galdakaoko udalerrian bizi diren pertsonentzako programak garatzen dituzten erakundeak izango dira.


Eskabideak telematikoki egin ahalko dira, uztailaren 14ra arte.


2- Garapenerako lankidetza gaietarako laguntzak


Honen helburua garapen bideko herrialdeetan garapen sozial eta ekonomikorako lankidetza proiektuak edo programak finantzatzea da.


Laguntza hauen onuradunak Bizkaian egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra duten irabazi asmorik gabeko erakundeak dira. Bete behar dituzten baldintzen artean, hauek daude: EAEko erregistro ofizialean bi urte baino gehiago eramatea, beren estatutuen arabera sexu, arraza edo erlijioagatiko bereizkeriarik ez egitea onarpen edo funtzionamendu prozesuan, eta estatu hauetan espreski islatu beharko da helburuen artean garapen bideko herrialdeei begirako garapen proiektu edo programak egitea dagoela edo dokumentazio frogagarrien bidez eremu horretan iraunkorki diharduela egiaztatu beharko da.


Aurten 36.963 euro daude dirulaguntza lerro horretarako. Eskabideak telematikoki egingo dira eta epea uztailaren 15ean amaituko da.


3- Haurren aldi bateko egonalidietarako laguntzak


Garapen bideko herrialdeetatik edo edozein hondamendik kaltetutako herrialdeetatik datozen haurren, edota bizimoduaren kalitatea hobetzeko helburuarekin osoko garapena izateko gaixotasunak edo egoera soziofamiliar kaltegarriak jasaten dituzten haurren aldi bateko egonaldien proiektuak edo programak finantzatzea da dirulaguntza lerro honen helburua.


Dirulaguntza horren zenbatekoa, guztira, 4.403 eurokoa da, eta Galdakaoko udalerriko harrera familiek egindako ekarpenak konpentsatzeko balioko dute. Eskabideak telematikoki egingo dira eta epea uztailaren 15ean amaituko da.


Deialdiaren oinarriak, eskabide ereduak, proiektuen laburpen fitxak eta gainerako eredu normalizatuak Udalaren webgunetik jaitsi ahal izango dira: https://www.galdakao.eus/diru-laguntzak-subentzioak