Igo
  • 2020/05/26

XVI. mendetik 1936 urte arteko Galdakaoren historia bildu du Xabier Valenciak, orduko baserri eta etxeei begiratuta

Eraikinei erreparatu, herria ezagutzeko; txikia oinarri hartu, handia ikusteko. Hala osatu du herriaren historia ulertzen laguntzeko helburua duen lana Xabier Valencia historialariak: Galdakaoko etxeak, jabeak, bizilagunak... XVI.mendetik 1936 urtera. Onomastika Elkarteko kide diren Ander Ros eta Jose Alfonso Antequerak utzitako dokumentazioa aztertu, eta Galdakaoko bizimodua ulertzen lagunduko duen lana ondu du. Bigarren lan bat ere behar duela aitortuta, honako auzoak biltzen ditu lehenengoak: Jugo, Aperribai, Bengoetxe, Urreta-Egia, Elexalde, Kurutze, Zamakoa, Zabalea, Plazakoetxe-Ibarluzea, Zuatzu, Bekea, Eitzaga eta Basozabal-Basabal. Udalaren web orrian jarri du lana Valenciak denen eskuragarri. Doan ikus daiteke osorik, lotura honetan: galdakao.eus/pdfs/Baserriak.pdf


"Irakasle batek esaten euskun ez dagoela Historia handia historia txiki barik. Berak galdetzen euskun gure eritziz zer zan inportanteago, Napoleon egun baten handik pasatu zala edo Aizgorri inguruan urtetan mantendu dan kultura", azaldu du Valenciak lana hasi izanaren zergatia. "Nire ustez, herrian egon diren etxeak, haien horma barruan gorde dabenagatik, Guggenheim museoa edo antzekoak bezain inportanteak dira".


Aurkeztutako lanaren hazia, halere, hitzaldi batean sortu zela azaldu du: Onomastika Elkarteko kideak diren Ander Ros filologoak eta Jose Alfonso Antequera folkoristak, beste proiektu baterako lortu zuten dokumentazioa eskaini zioten, ordura arte gordeta egondako dokumentuei bestelako zuku bat ateratzeko gonbita eginda. Hari horri tiraka lortutako emaitza da lana.


"Hau ez da nobela historiko bat", gaineratu du ondutakoaren inguruan; "nik gura izan dodana da herrian ahaztuta egon diren baserri eta eraikuntzen historia berreskuratzea, balioztatzea eta argira ateratzea, ahal izan dodan neurrian: etxe eta jabeen izenak azaltzea, eta posible izan danean renteruenak ere, baita etxaldeenak, soloenak eta basoenak". Gordeta egon den informazioa kaleratu eta horren bidez iragana ikusaraztea izan da guzti horren helburua: "azken finean, historia ondareari balio bat emotea, eta artxiboetan gordeta dauden dokumentu eta argazkiei ere bai".


Hala, Galdakaoren iraganaren eta orainaren arteko aldea agerian uzten du lanak; sustraiei begira jarri, eta aldaketen zergatiak ulertzen saiatzen da. "Gogoratu XX. mende hasieran mila biztanleko herritxu bat zela Galdakao". Eta hausnarketara jo du Valentziak orain arteko ibilbidea erakusteko: "Entzunda daukagu fabrika batzuen etorreragaz herria aldatu zela. Baina alde batetik Errege Bidea kentzeak, bestetik Juan Bautista Uriarte kalea zabaltzeak, eta Zuatzuko zubia eraikitzeak, zerikusi handia euki eban aldaketa horretan".


Antzinako Errege Bidearen inguruan, batez ere Gurutzealdean, "uri antzeko" zerbait bazela dio historiagileak. Baina aipatutako aldaketek gune ekonomikoa Plazakoetxe aldera eramatea eragin zutela, eta baita trena zein tranbia martxan ipintzea ere. XX. mendeko bigarren erditik aurrera batez ere, herria asko handitu zen. "Hala ere, adin bat dekogunok, baserri eta etxe txikiz beteta ezagutu dogu herria, baita auzo isolatuez be", zehaztu du.


Etxeak izan ditu aztergai nagusi Valenciak, baina garai hartako bizimodua baldintzatzen zuten bestelako alor batzuk ere bai: maiorazgoak eta bere transmisioa zein kudeaketa; errotak eta horien alokairu baldintzak; udalarenak ziren benta-tabernak alokatzeko araudiak eta kudeaketa; eta 1871. urtetik herriko zenbait gune eta basoetan ezarri ziren meatze guneak.


Datuak batu, eta informazioa auzoka multzokatu du egileak, auzoetako historia ezagutzeko helburuz. Auzoetako etxeak, etxaldeak eta euren izenak bilatu ditu horretarako, etxe bakoitzeko jabeak identifikatu eta bizilagunak etxeei lotu, eta etxeen landa eta basoen izenak eta hedadurak zehaztu.


Kokagune horiek egungo auzoetan kokatzen saiatu da Valenciaga, eta ez dela lan erraza izan aitortu du: Auzo batzuei izena aldatu zaie (Urizar, Aretxabaleta eta Agirre, esate baterako, Ergoien izenarekin ezagutzen dira gaur); Egia auzoa autopistak banandu zuen zati bitan; auzo berri batzuei, leku horien jatorrizko izena ipini ordez, beste bat jarri zioten (Olabarrieta denaren jatorrizko izena Iņigobaso zen eta Bengoetxe auzoan egon da historikoki); kale izendegian ere, antzera: Iturrondo plaza dena Ostatusolo zen lehen eta Ardanza Lehendakaria parkea den gunean Iturrondo baserria egon zen, adibidez; beste auzo batzuk erdi desagertuta daude (esate baterako, Urgoiti, Arteta eta Eitzaga).


"Laburbilduz, auzo gunetik haien eraikinetara pasatu naz, eraikinetatik haien jaubetza datuetara, eta horrela etxe, auzo eta herriaren historia txikia XVI. mendetik 1936 urtera batzen saiatu naiz", azaldu du historiagileak. Herria ezagutzeko lehen urrats honek oinarriak jarri, eta, "bihar etzi" ikerketa berriak egiteko balioko duen esperantza azaldu du Valenciak.



Lana ikusteko http://www.galdakao.eus/pdfs/Baserriak.pdf