Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Vidal Salcedo eta Iraide Arraibi izango dira pregoilaria eta txupinera irailaren 9tik 18ra ospatuko diren Santakurtzetan

Jaiak   2022/09/02

Programa zabala, anitza eta aberatsa izango da oso, eta kuadrillen arteko txapelketak ere bere garrantzia izango du

Aurtengo Santakurtzak ate joka dauden honetan, gaur iragarri dira jaietako pregoilaria eta txupinera. Lehenengorako Vidal Salcedo mediku erretiratua aukeratu dute galdakoztarrek erabaki plataformaren bitartez  eta kalean jarritako boto-kutxetan jasotako botoen ondorioz. Txupinera, aldiz, Patxiku kuadrillako Iraide Arraibi izango da, 2019ko kuadrillen arteko txapelketa irabazi ostean eta Jai Batzordeak hala erabakita. 

Bi izendapenak gaur egin den prentsaurrekoan iragarri dira, zeinean, Vidal Salcedo bera, Patxikuko Iraide Arraibi, Angel Ezkurra eta Irantzu Agirregoikoa Jai Batzordeko kideak, Amets Iturbe jaietarako zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea egon diren. Pregoilariak eta txupinerak bina zapi jaso dituzte alkatearen eta Jai Batzordearen eskutik. Oroigarri gisa gordetzekoa bat, eta jaietan lepoan jartzekoa bestea. Herriaren eta jaien ordezkari izateko aukeratuak izan diren heinean, aitortza egin nahi izan diete bereizgarriarekin.

Alkateak berretsi du “pozgarria” dela bi urteren osteko etenaren ostean berriz ere jaiak ospatu ahal izatea, “denontzako jaiak” izateko lanean ari direla, eta gero eta zabalagoak izan daitezen espazio berrietara ere eramango direla. Horren erakusle da Juan Bautista kaleko 27. zenbakiaren pareko plaza. Bertan kale antzerkia egongo da aurten eremu berri gisara, eta bertan egin dute prentsaurrekoa Udaleko ordezkariek, Jai Batzordekoek eta pregoilariak zein txupinerak. Orotara, kale animaziorako 77 ekitaldi izango dira Santakurtzetan (antzerkia, txistulariak, trikitilariak…). 

Amets Iturbe Jaietarako zinegotziak egitarau “erakargarria, potentea eta askotarikoa” ziurtatu du, publiko guztientzakoa. Kale animazioez gain, ez dira faltako kirol eskaintza oparoa, lehiaketa gastronomikoak eta kontzertuak (17). Egitaraua osorik ondorengo estekan dago ikusgai:

PROGRAMA SANTAKURTZAK 2022

Iturbek ere “jai inklusiboak eta mundu guztiarentzako irisgarriak” izango direla adierazi du, horregatik aurten ere auzoen arteko autobusa egongo da ostiraletako eta larunbatetako gauetan (01:00tik 07:00etara orduro, Juan Bautista Uriarteko autobus geltokitik) eta horretaz gain, Arratia alderako gautxoria ere martxan egongo da. 

Gainera, Pentsiodunen Mugimenduak, kuadrillen eta herriko boluntarioekin laguntzarekin, jaietako hainbat ospakizunetara lagunduta joateko aukera emango die pertsona nagusiei, Alkarbatera egitasmoari esker. Zerbitzua eskatzeko 688 830 480 telefonora deitu behar da gaur eta irailaren 7a bitartean. 

Gaur egin den prentsaurrekoan, egitarauaren inguruko nondik norakoak emateaz gain, aurtengo pregoilaria eta txupinera aurkeztu dira. Bertan izan dira biak, eta hitza hartu dute. Vidal Salcedok nabarmendu du eskertzekoa dela herriak eman dion ohorea eta gaineratu du Galdakaok eman dion guztiarekin “aberastua” sentitzen dela. Iraide Arraibik, aldiz, adierazi du gogotsu dagoela: “Poztekoa izan da, gogo handia dugu; ohorea da”. Gaineratu du, kuadrillen arteko pike sanoa eta eraso gabeko jaiak nahi dituela. 

Kuadrillak, jaietako ardatz

Egitarauko proba eta ekintza batzuk (35 guztira) Kuadrillen arteko lehiaketaren parte izango dira. Hori horrela, lehiaketan parte hartzen duten kuadrillek derrigorrezkoa izango dute jaien hasierako desfilean parte hartzea, Angel Ezkurra Jai Batzordeko ordezkariak azaldu duenez. Bestelako probetan parte hartzea ez da derrigorrezkoa izango. 

Probetan parte hartzeagatik banatzen diren puntuez gain, sailkapenaren arabera ere puntuak banatuko dira: 

1. postua: 25 puntu
2. postua: 20 puntu
3. postua: 15 puntu
4. postua: 10 puntu
5. postua: 5 puntu

Egunero emango da proben emaitzen berri 14:00etatik aurrera, www.galdakao.eus atarian eta Torrezabal Kultur etxeko ateetan. Proben emaitzekin konforme ez dauden kuadrillek erreklamatzeko aukera izango dute galdakaokokuadrillak@gmail.com emailean, betiere, emaitzen berri jakin eta hurrengo eguneko 10:00ak arte egiten bada. 

Txapelketako sailkapeneko lehengo 15 kuadrillak honako sari hauek irabaziko dituzte:

1. postua: 800€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
2. postua: 700€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
3. postua: 600€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
4. postua: 500€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
5. postua: 400€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
6. postua: 300€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
7. postua: 200€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
8. postua: 100€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
9. -15. postuak: 10 tiket Kuadrillen bazkarirako

Kuadrillen bazkaria irailaren 24an egingo da Kurtzeko plazan. 

Azkenik, Iñigo Hernando alkateak eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari, urtean zehar egindako lanarengatik, eta nabarmendu du Galdakaoko jaiak, “kolektibo eta erakunde ezberdinen sinergiari esker” direla posible.