Igo
  • 2021/04/19

Uztaileko hiri udalekuak hobetuta datoz aurten: iraupena luzatuta, ordutegi zabalagoarekin eta jantoki zerbitzuarekin

Uztailean Galdakaon izango diren hiri udalekuetarako izena emateko epea zabalik dago. 4 eta 11 urte arteko haurrek udako goizak aisialdiaz eta euskaraz gozatzeko aukera izango dute. Eskaintza hobetuta dator, gainera, Galdakaoko Udalak gobernu planaren 91. neurrian hartutako konpromisoa beteta. Edurne Espilla hizkuntz normalkuntzarako zinegotziak eta Miren Atutxa Euskara teknikariak azaldu dituzte nondik norakoak, aldaketak eta hobekuntzak.


1- Iraupena luzatuko da. 4 aste iraungo dute udalekuek, eta gainera, txanda desberdinen artean hautatzeko aukera izango dute familiek. Uztaileko lehen hamabostaldirako, bigarren hamabostaldirako, edo uztailaren 5etik 30erako hartu ahal izango da zerbitzua.


2- Jantoki zerbitzua eskainiko da, lehen aldiz. Familiek urtetan errepikatu duten eskaerari erantzungo zaio horrela.


3- Harrera zerbitzuaren ordutegia luzatuko da. Ondorioz, 08.30etik 14.30era egon ahal izango dira umeak udaleku eremuan.


Aldaketa horiek lana eta familia bateragarri egiteko lagungarriak izango direlakoan egin ditu Udalak, eta euskara indartzeko asmoz ere bai, udalekuen helburu delako udaldian eta aisialdian euskarazko jolas-jarduerak sustatzea, horrela erabilera sustatzeko


Baina helburu gehiago ere badira:


-Partaideei gune ludiko bat euskaraz eskaintzea, inklusiboa eta ez baztertzailea.


-Haurren arteko berdintasuna eta genero ikuspegia lantzea.


-Elkarbizitza eta jarrera ez diskriminatzaileak lantzea eta, era berean, hezkidetza, bizikidetza, kulturartekotasuna.


-Ingurunearen ezagutza eta harekiko errespetua lantzea.


Helburu hauek Udalekuetako ardatz izango dira eta horiek betetzea begiraleen esku egongo da, neurri handi batean. Horregatik Udalak formakuntza berezia eskainiko die Galdakon eta Usansolon egongo diren begiraleei.


Familien errenta oinarri duten prezioak


Gobernu talde honentzat garrantzitsua den beste berrikuntza bat prezioekin lotutakoa da. Prezio estandar bat zehaztu du Udalak, egokia eta neurrizkoa, eta horren gainean hobari sistema ezarri du, familien errentan oinarrituta. Hobari horien helburua aukera berdintasuna erraztea da eta horregatik, egoera zaurgarrienean dauden familieek eta errenta baxuena duten familiek%85erainoko hobaria lortu ahal izango dute. Halaber, lekuen %5 gordeta egongo da babes berezia merezi duten kolektiboetarako. Neurri guzti horiekin aukera berdintasunaren alde egiten du Udalak eta udaleku justuagoen alde.


COVID-19ak eragindako ondorio negatiboak zein hizkuntza arrakala arintzea ere badu helburu eskaintzak. Gogoan izan behar da ume batzuek euskararekin duten kontaktu bakarra eskolan izaten dutela eta ez beste inon. Itxialdiak euskara haien bizitzatik desagertzea eragin zuen. Eta orain denbora galdua berreskuratzeko unea iritsi da.


Galdakaoko familiek, euskal hiztunek eta erdal hiztunek, euskararen aldeko hautua egina dute, matrikulazio datuek adierazten dutenez. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan D ereduan ikasten dute ikasle guztiek eta erroldatuta dauden umeeen %90 Galdakaoko ikastetxeetan matrikulatuta daude. Horrek erakusten du ume euskaldunak, -eta elebidunak eta hirueledunak- nahi dituzuela galdakoztar familiek. D ereduan eskolaratzea, ordea, ez da nahikoa; hala diote adituek. Hori dela eta, euskara eremu ez formalean erabiltzearen garrantziaz ohartarazi du Espillak, eta udan ere euskarari leku egiteko deia egin du, udalekuei erreferentzia eginda.


Egitasmo ziurra izango da udalekuena, izurrite garai honetan babes neurriak ondo zainduko dituena. Zentzu horretan, pilaketak saihesteko ahalegina egingo da. Gehienez 550 plaza izango dira eskainiko direnak, eta, orain arte hiru gunetan banatzen ziren ekitaldiak lautan banatuko dira aurten. Aperribain eta Usansolon 4 eta 11 urte arteko umeak batuko dira, eta erdigunearen kasuan eremu bitan banatzea egokiago ikusi da, pandemiaren eraginak ahalik eta gehien saihestearren. Gandasegin 4 eta 7 urteko umeak egongo dira, eta Urretan 8 eta 11 urte bitartekoak.


Ordutegiari dagokionez, udalekuak eurek 9:30etik 13:30era izango diran arren, lana eta familia bateragarri egiteko lagungarriak izago diren hautazko zerbitzu bi eskainiko dira. Bata, harrera zerbitzua, goizeko 8:30etik 9:30era izango da eta dohainik eskainiko da hori eskatzen duten familia guztientzat. Bestea, jantoki zerbitzua, eguerdiko 13:30etik 14:30era. Bigarren zerbitzu hau lehenengoz eskainiko da Galdakaon. Zerbitzu honi berebiziko garrantzia emongo zaiola azaldu du Atutxak. Beraz, segurtasun eta higiene neurriak bermatuko direla, eta kontuan hartuko direla, esaterako, dieta bereziak eta umeek euki ahal dituzten intolerantziak; kultur edo erlijio arrazoiengatik jakiren bat saihesteko aukera ere errespetatu egingo da.


Gaurtik apirilaren 27ra arte egongo da izen emateko aukera, eta hori telematikoki egin beharko da. Udalaren webguneko behealdean "Udalekuak" izenarekin dagoen bannerrean eman daiteke izena. Edozein kasutan, horretarako laguntza behar duenak hitzordua eskatu ahal izango du Udalaren Euskara Arloko telefonora deituta (944010540) eta bertan egin ahalko diote eskabidea.


Onartutakoen behin-behineko zerrenda maiatzaren 7an argitaratzea aurreikusi da eta izen emate gehiegi egon direlako zozketa egin beharko balitz, maiatzaren 14an egingo litzateke ekitaldi publikoan, Udaleko Osoko Bilkura aretoan, 17:30ean. Horren emaitza webgunean argitaratuko da eta orduan jakinaraziko zaie onartutakoei ordainketak egiteko epeak eta moduak zeintzuk diren.


Izena ematerakoan familiak aukeratu dituen aldagaien arabera zehaztuko da ordaindu beharreko prezioa. Prezio orokorrak bananduta dagoz, txandaren arabera (60 euro hamabostaldi bakoitzean, jantoki barik, eta 114 euro jantoki zerbitzuagaz; eta 120 euro uztailaren 5etik 30era arteko txanda aukeratzen duenak jantoki zerbitzu barik, eta 228 euro jantokia barne). Hobarien sistemari esker, halere, kuota orokor horien %30, %50 edo %85 artean txikitu daitezke elkarbizitza unitatearen diru-sarreren arabera.


Udalekuetan lan egiteko interesa dutenengana ere zuzendu dira Espilla eta Atutxa: beharsarea.eus helbidean izen emateko gomendioa eman diete. Lizitazioa irabaziko duen enpresa izango da begiraleak kontratatuko dituena, baina beharsareako eskaintzak kontuan hartzeko eskatuko dio Udalak.


Informazio gehiago nahi izatekotan hemen klik egin