Igo
  • 2022/01/26

Usansoloren segregazioako landu den Memoria eta herri galdeketa egitea onartuko da biharko Osoko Bilkuran

Usansoloren segregazio prozesuak beste urrats garrantzitsu bat egingo du bihar, osteguna, Galdakaoko Osoko Bilkuran: batetik, Usansolo Galdakaoko lurraldetik bereizteari buruz Batzorde Mistoak egindako Memoria onartuko du Udalbatzak, eta bestetik, Usansolon segregazioari buruz herri galdeketa egitea onartuko du. Bi erabakiak gehiengo osoz onartu behar dira prozesuak aurrera egin dezan, eta hala gertatuko dela aurreikusten da. 

Memoria, Batzorde Mistoaren enkarguz landutako txostena da. Galdakaoko Udaleko ordezkariek, Usansolokoek eta Foru Aldundikoek osatu zuten Batzorde Mistoa, eta, Memorian, Galdakaoren egoera aztertu ondoren, Usansolo herri independente gisa osatzeak ekarriko lituzkeen ondorioei buruzko azterketa egiten da; herri bakoitzak zer azpiegitura eta baliabide izango lituzkeen, eta banaketa ekonomikoki zein sozialki bideragarria litzatekeen. Ondorio kaltegarririk ez litzatekeela sortuko ondorioztatu du ikerketak, eta antolaketa berria bideragarria litzatekeela bi herrientzat. Batzorde Mistoak ontzat eman zuen Memoria hori, Bizkaiko Foru Aldundira igorri zuen, eta hark ere ontzat eman du. Orain, Galdakaoko Udalbatzari dagokio onartzea eta bihar egingo da horretarako bozketa.

Usansolon egingo den herri galdeketari dagokionez, martxoa amaitu aurretik egitea da Udalaren asmoa. Foru Arauaren arabera, galdeketa hori egitea ez da derrigorrezkoa, eta emaitza ez da loteslea, baina galdeketa egiteko aukera ematen du, eta hori baliatuko du Udalak.  Agustin Aizpuru Usansolo Herriako zinegotziak gaur egin den prentsaurrekoan adierazi duenez, “gobernu-taldeak eta, bereziki, Usansolo Herriak uste dute prozesua ezin dela amaitu aldez aurretik usansolotarrek izapidetutako aldaketaren aldeko edo kontrako iritzia agertu arte”. Gaineratu du “garrantzitsua” iruditzen zaiela “euren iritzia izatea eta Usansoloren borondatea markatzea”.

Behin galdeketa eginda, horren emaitza Foru Aldundira helaraziko da,  Foru Arauak ezarritako irizpideen arabera egin eta onartu den Memoriaren osagarri.  Aldundiko Aholku Batzorde Juridikoak proposamenean oinarritutako irizpena egin beharko du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartu. Behin hori eginda, Batzar Nagusietara bidaliko da, eta horrek izango du azken hitza. Batzar Nagusien erabakiarekin, prozesu guztia uda aurretik amai daitekeela aurreikusten du Udalak.

30 urte baino gehiagotik errepikatzen ari den eskaerari erantzuna emango dio horrela Galdakaoko Udalak; usansolotarren nahia entzun, eta nahia gauzatzeko Foru Arauak ezartzen dituen pauso guztiak ematen ari da. Hala egingo zuela agindu zuen 100 neurri jasotzen dituen Gobernu Planeko 72. puntuan, eta hala egiten ari da.