Igo
  • 2020/11/11

Usansoloren segregazio prozesurako Batzorde Mistoa martxan jarri da

Usansoloren segregazio prozesurako txosten teknikoen jarraipena egiteko ardura duen Batzorde Mistoa gaur goizean eratu da, Galdakaoko udaletxean egindako bilkuran. Lan zehatz bat izango du batzordeak gaurtik aurrera: Usansoloren segregazioari buruz Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu beharreko azken txostena egitea. Azken informe horretan Usansolo eta Galdakaoren arteko banaketak ekarriko lituzkeen eragin ekonomiko, juridiko eta praktikoak jaso behar dira, zehatz. Lan horiek arlo bakoitzean adituak diren taldeek egin ditzaten, kontratazioak martxan jartzea izango da batzordearen lehen lana.


Arauak segregazio kasuetarako aurreikusten duen bidean beste pauso bat eginda, horrela osatu da batzordea: Galdakaoren ordezkari gisa arituko dira alkatea, udaleko idazkari nagusia, eta, udal hauteskundeen emaitzei jarraiki, EH Bilduko eta EAJko ordezkari bana. Usansoloren ordezkaritza ere hauteskunde emaitzen araberakoa izango da: Usansolo Herriak bi ordezkari izango ditu, eta bat EAJk. Horiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko bi teknikari arituko dira batzordean. Iņigo Hernando alkatea izango da batzordeko presidentea.


Hemendik aurrera, honakoak dira prozesuak izango dituen pausoak:


➡️ Batzordeak lau hilabeteko epea du azken txosten hori Bizkaiko Foru Aldundian entregatzeko, eta behar badu, beste bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera du.


➡️ Informea publiko egin, eta hilabeteko egongo da erreklamazioak aurkezteko. Kexarik egongo balitz, bi aukera egongo lirateke horietako bakoitzarekin: proposamena onartu eta zuzenketa hori txostenean txertatu, edo eskaera atzera bota.


➡️ Herri galdeketa Usansoloko herritarren artean. Galdeketa 2021eko azken hiruhilekoan izan litekeela aurreikusten da.


➡️ Usansoloko galdeketaren emaitza eta dagozkion txostenak Galdakaoko udalbatzara eraman behar dira, bertan onar daitezen eta honek Aldundira bidal ditzan. Batzorde Mistoaren lana hor bukatzen da, Aldundiak ez badio beste lanen bat eskatzen.


➡️ Foru Aldundiaren zerbitzu juridikoek txostena egin behar dute eta informea Batzar Nagusietara igorri behar du.


➡️ Bizkaiko Batzar Nagusiek osoko bilkuran eman behar dute ontzat erabakia. Usansolo herri izan daitekeela edo ezin daitekeela herri izan ebatzi behar du.


➡️ Batzar Nagusiek Aldundira igorri behar dute bere erabakia eta Aldundiak Galdakaoko Udalari eman behar dio ebazpenaren berri.