Igo
  • 2019/01/18

Urtarrilaren 26an, herritar guztiei zabalik, Ibaizabaleko bazterretako hondakinak kentzeko eguna izango da

Datorren larunbatean, urtarrilak 26, 11:00etan hasita eta Puentelatorre parean, Ibaizabaleko ertzetako hondakinak kentzeko eguna izango da. Ekimen hau aurretik ere egindako beste batzuen ondoren dator, Galdakaoko udalak, Udaltaqlde 21ek eta Brigdestone enpresak bultzaturik. Proiektu hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak diruz lagundua da.


Herritarrei zabalik dagoen ekintza honetan parte hartu ahal izateko, inskripzio-epea hasita dago urtarrilaren 24ra arte, 946 712699 telefonoan edo ondoko posta elektroniko bidez: (udaltalde21@ut21.org)


Jardunaldi honen aurkezpenean egon dira Fernando Izagirre alkateordea, Ruben Seoane Jasangarritasuneko zinegotzia, Aitor La Fuente, Basauriko Bridgestone lantegiko ingurumeneko arduraduna, eta Ainhoa Etxezarreta, Udaltalde 21en ordezkaritzan.


Fernando Izagirre azpimarratu duenez, ekintza hau jende guztiari zabalik dago eta Udalaren eta Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabalen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da; Nerbioi Ibaizabal eskualdearen jasangarritasun arloa sustatu, informatu, parte hartu, kontsultatu eta aholkuak emateko.


Ruben Seoane, Jasangarritasun arloko zinegotziak, prentsaurrekoan ondokoa azaldu duenez, Nerbioi Ibaizabal Eskualdeko Tokiko Agenda 21en Ekintza Planaren barruan, hala nola Galdakaoko udalaren Tokiko Agenda 21en Ekintza Planean, espazioaren balioak arriskuan jartzen ez dituen mugikortasunarekin lurraldearen eta naturaren kudeaketa sustatzeko ildo estrategikoa dago.


Seoanek gaineratu du horrela herritarren beharrizanak bete nahi direla, ekologia, paisaia eta hiriko paisaiaren aldetik interesgarritzat jotzen diren zonak eta elementuak zaindu, berreskuratu eta balioan jartze aldera. Galdakaon, guztira 9,14 hondakin tona kendu dira ibaiertzetatik:


. 5,34 Tn. obra-hondakinak dira


. 3,40 Tn tamaina handikoak dira


. 0,30 Tn bestelako hondakinak dira, pneumatikoak, ekipo elektronikoak e.a.


Ainhoa Etxezarreta andreak komentatu duenez, hondakinak kentzeak ingurumen aldetik zein bizidunentzat hobekuntza argia dakar berekin: gizakiak erreka eta errekasto ertzetan  eragindako presio negatiboa txikituz. Jaso diren hondakinen tipologiaren, neurriaren eta lekuaren arabera, ondoriozta daiteke kendu diren hondakinen %80a gizakiak botatakoak direla eta gainerako %20a euriteen ondorioz iritsitakoak direla".


Bestalde, Aitor La Fuente jaunak gogoratu du 2017an Basauriko enpresan  egin zen ekintza, URA agentziarekin lankidetzan antzeko jardunaldia eginez. Bertan gure langileek, seme-alabek lagunduta, 24 zuhaitz eta 60 zuhaixka landatu zituztela Ibaizabaleko ertzetan.


Aitor La Fuente jaunaren esanetan, ekintza garrantzitsu hauek Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren aldetik dugun politikaren parte dira. Halako ekimenek garapen jasangarria bultzatzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko balio dute eta, lehenengo urratsa da helburu hori gure inguru hurbilenean gauzatzea da, bioaniztasuna gordez.