Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Urriaren 24ra arte eska daitezke Galdakaon enpresak sortzeko dirulaguntzak

Enplegua   2024/10/01

Galdakaon erroldatuta dauden ekintzaileek edo gure udalerrian negozio bat sortzea pentsatzen ari direnek urriaren 24ra arte eska ditzakete enpresak sortzeko dirulaguntzak.

Laguntza ekonomiko horiek 1.500 eurora artekoak izan daitezke eskatzaile bakoitzeko, eta negozio bat abian jartzea pentsatzen ari diren baina oraindik autonomo gisa ari ez diren langabeei laguntzea dute helburu. Horretarako, Galdakaoko Udalak Lanbiderekin elkarlanean bi laguntza ildo bideratzen ditu: alde batetik, negozio ideiak garatzera bideratutakoak, eta, bestetik, proiektuak garatzera bideratutakoak, behin ideiak definituta daudenean.

Laguntza hauetan interesa duten pertsonek Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arlora jo dezakete 94 401 05 80 telefonora deituz, janirebehargintza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz edo Zabalea auzoa 35, atzealdea helbidean dagoen Behargintzako bulegora hurbilduz. Bertan, autoenplegu zerbitzuaren bitartez, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza eskaintzen da laguntza horien eta beste batzuren eskaerak aurrera eramateko beharrezkoak diren izapideak egiteko eta ezinbesteko betekizunei buruzko beharrezko informazioa lortzeko.

Gainera, Behargintzako bulegoak ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die gainerako laguntza eta izapideetan, deialdi berriak ireki ahala eta pertsona bakoitzaren beharren arabera.

Horri dagokionez, aurten Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arloak dagoeneko 50 pertsona baino gehiago artatu ditu, eta horietatik 25 enpresa berriak sortzeko tutorizatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, guztira 119.000 euroko laguntzak izapidetuz.