Urriaren 1etik maiatzaren 31ra neguko ordutegia izango du Galdabusak
Mugikortasuna eta garraioa 2024/09/30
Galdabusak neguko ordutegia izango du bihartik aurrera. Urriaren sarrerarekin batera, asteartez egingo du ordutegi aldaketa Galdabusak. Edozein kasutan, astean zehar ez du aldaketa handirik izango eta asteburuetan nabarituko da gehien moldaketa.
Udako ordutegian larunbat arratsaldeetan eta igandetan ere martxan izan da Galdabusa, uda partean nabarmen gehitzen direlako igerilekuetarako joan-etorriak eta aisialdiko beste jarduera batzuetara joateko bidaiak. Neguko ordutegian, aldiz, herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko da zerbitzua eta larunbat eguerdian amaituko da. 1. Lineari dagokionez, Aperribaitik 14:20an abiatuko da azken zerbitzua larunbatetan, eta 14:40an udaletxetik. 2. Linean, 14:00etan abiatuko da larunbatetako azken autobusa eta 14:20an Elexaldetik. Larunbat goizetan, aldiz, lehenago hasiko da zerbitzua eta bidaia bat gehiago egingo du autobusak: Zuhatzutik lehen autobusa 8:40an abiatuko da larunbatetan, eta Elexaldetik 09:00etan. Igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik izango, salbuespenak salbuespen. Azaroaren 1ean, adibidez, Elexalderako zerbitzua egongo da, hilerrirako joan-etorriak erraztu eta autoaren erabilera gutxitzeko helburuz.
Astean zehar zerbitzuak izango duen egokitzapen bakarra honakoa izango da: 08:10ean Zuhatzutik Elexaldera abiatzen den autobusa ez da Bekea eta Olabarritik pasako. Goizeko ordu horietan trafiko handia izaten da N-634 errepidean eta asko zailtzen du ibilbidea garaiz egitea. Edozein kasutan, aurreko zerbitzua eta ondorengoa (eta gainontzeko guztiak) izango dituzte Bekea eta Olabarriko auzokideek.
Urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitartekoa izango da Galdabusaren neguko ordutegia.
GALDABUSAKO NEGUKO ORDUTEGIA