Igo
  • 2021/09/30

Urriaren 15ean egingo da lurpeko 289 aparkalekuak alokatzeko zozketa

Urriaren 15ean, ostiralarekin, egingo da Paopa, Lapurdi, Laminarrieta, Iturrondo eta Berezikoetxen libre zeuden udal jabetzako 289 aparkalekuak banatzeko zozketa. 988 pertsonak eman zuten izena leku horietako bat alokairuan hartzeko. Hilean 30 euroren truke alokatuko dira lurrazpiko aparkaleku horiek (horri, garaje bakoitzeko komunitate gastuak gehitu beharko zaizkio). Torrezabalen egingo da aparkalekuak banatzeko zozketa, jendaurrean. Aurrez, eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Urriaren 6an izango da hori, hurrengo asteazkenean.
Orain arte, aparkaleku horiek erabiltzeko aukera bakarra 40 urteko kontzesioan hartzea zen, eta ondorioz, hutsik zeuden asko. Horiek berreskuratu, erabilera sistema aldatu, eta alokairuan jarriko ditu orain Galdakaoko Udalak.
Proposamena arrakastatsua izan da eta herritar askok eman dute izena lekuetako bat alokatzeko: 988 pertsonak. Hori dela eta, zozketa bidez erabakiko da 289 leku horietako bakoitza nori alokatu eta urriaren 15ean izango da hori.