Igo
  • 2020/02/19

Ur geldiak mugitu eta proiektuak modu eraginkor eta gardenean gauzatzea ekarriko duen aurrekontua

Aurrekontu gauzagarria, herria martxan jarriko duena; arreta pertsonen beharretan jartzen duena, kultura sustatzeari begira dagoena eta administrazio prozesuak arintzea zein gardentasunean sakontzea helburu duena. Irizpide horiei begirako aurrekontua aurkeztu du udal gobernuak; 37.552.842 euroko kontua. Bihar eramango du proiektua udalbatzaren osoko bilkurara, onar dadin.


"Aurrekontu proiektu honekin gure helburu nagusia pertsonen beharrei erantzutea da, bizitzeko herri atsegina izan dezagun eta pertsona guztientzat ongizate handiagoa lor dezagun. Hori da gure konpromiso argia eta horretarako gaude hemen", azaldu du Maite Arandia Ogasun zinegotziak kontuak aurkezteko prentsaurrekoan. Helburu horri begira berriki aurkeztutako gobernu plana esku artean darabiltela gogoratu du, eta bertan jasotako ehun neurriak lantzen ari direla. Norabide bera du, beraz, 2020rako aurrekontu proposamenak, eta bide bera jarraituko dute aurrera begirakoek ere.


Aurrekontua lantzeko prozesuan, udaleko arlo bakoitzaren proposamenak jasotzeaz gain, herritarren ekarpenak ere jaso ditu udal gobernuak. Horren adibide da herritarrek aurrekontu parte hartzaileen bidez egindako proposamen nagusiak bertan bilduta daudela. Adibidez argiteria hobetzeko partida aurrekontura batuta herritarren aspaldiko eskaera beteko da, eta, Lekubaso aisialdirako egokituta orain arte utzita egon den herriko altxor txiki bat berreskuratuko da.


Proiektuaren ezaurri nagusiak aipatzerakoan, lau nabarmendu ditu Arandiak, udal gobernua osatzen duten talde guztietako ordezkarien babesarekin egindako agerraldian (EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeek osatzen dute gobernua).


1.  Errealista da proiektua, inbertsioei dagokionez. Aurreikusitako proiektu eta inbertsioak egikaritzea lehentasuntzat du gobernuak eta orain arteko gauzatze maila irauli nahi du. Azken urteetan gutxi izan dira aurreko gobernuak gauzatu dituen proiektuak (aurrekontuetan jasotakoaren heren bat baino gutxiago). Iragarritakoak egikarituta, herria martxan jarri nahi du gobernu honek. Horri erantzuten dio gobernu plana egin izanak ere.


2. Herritarren beharrak erdigunean jartzea dugu lehentasun. Beharrak asetzeko, horiek zeintzuk diren ondo ezagutu behar da, eta horretarako, hainbat diagnostiko egitea aurreikusten du aurrekontu honek: etxebizitzari buruzkoa, gazteriaren egoerari buruzkoa, adinekoen bakartasunei buruzkoa, mugikortasunari buruzkoa, udalaren barne egoerari buruzkoa, ingurumenari dagokiona. Azterketa sakon horiek erakutsiko digute zein neurri ezarri behar den alor bakoitzean.


3. Kultura herritarren balio garrantzitsua izan dadin nahi dugu eta sormena sustatuko dugu hartarako; bai Galdakaoko zein Euskal Herriko beste herrietako sortzaileak batuko dituen Sormene azoka martxan jarrita, bai sortze prozesuetarako espazioak egokituta, bai mota guztietako artistak batuko dituen gida praktiko bat osatuta. Gure identitatearen elementu garrantzitsua den euskara ere sustatuko dugu, normalizazioa helburu. Horregatik guztiagatik, gora egingo du euskara eta kulturari dagokion partidak ere.


4. Herria martxan jartzeko ezinbestekoa dugu administrazio prozesuak arintzea eta udalaren kudeaketa hobetu eta modernizatzeko neurriak hartuko ditugu.


Zenbakiei dagokienez, 37.552.842 eurokoa da aurkeztutako aurrekontua, iazkoa baino %1 handiagoa. Igoera, baina, ez da zergak edo tasak handituta lortu, hirigintza-probetxuak hobetuta baizik.


Gastua ere handitu egin da; gastu korrontea. Alegia, beharrezko zerbitzuak emateak eskatzen duen gastua. "Herria martxan jarri eta aurrera egin dezan, oinarrietan inbertitu behar da, herritarrentzako zerbitzuetan", azaldu du zergatia Arandiak.


Inbertsioak gutxitu egin dira iazko aurrekontuekin alderatuta, baina, zinegotziaren esanetan, "egin ditzakegun proiektuak soilik aurreikusi ditugulako. Azken urteetako exekuzio portzentai txikiak gainditu nahi ditugu".


Aurrekontuei buruzko eztabaida bihar izango da osoko bilkuran, 18:00etan hasita.