Igo
  • 2022/08/25

Unkinako igerilekuetarako sarrera berotzeko lanak amaituta daude

Iazko aurrekontu parte hartzaileetako eskari bati erantzunez, eta hiru hilabeteko lanen ostean, amaitu dira Unkinako igerilekuetarako sarrera berotzeko lanak. Unkina kiroldegian, aldageletatik igerilekura sartzeko, bi eskailera tarte zeuden berotu gabe. Korridore hori oso hotza zela ohartarazi izan dute erabiltzaileek, eta kontraste termiko handia zegoela igerilekuaren, dutxa klimatizatuen eta berotu gabeko tarteko pasabidearen artean. Horregatik, eskailera tartean berokuntza sistema bat jartzeko eta sarbide horretan egon daitezkeen bero ihesak eteteko eskatu zuten.

Konponbidea emateko lanak egin dira, hiru fasetan: lehenik eta behin, soroslearen lokala birkokatu egin da, soroslearen erosotasuna hobetzeko eta gerta litezkeen ebakuazioak errazteko. Horren ostean, lokal berrira igerilekutik eta korridoretik sartu ahal izango da. Aldi berean, gune berria sortzeak sute instalazioa birkokatzea ekarri du. 

Bigarrenik, komunetara sartzeko atari bat eraiki da klimatizatu gabeko kantxa igerilekuko gune klimatizatutik isolatzeko. Obra horien bidez, bainugeletarako gelaurre bat egin da. Espazio horri argiztapen sistema berria jarri zaio, eta suteak detektatzeko sistema berria ere bai.

Eta azkenik, aldageletatik igerilekura sartzeko eskailera tarteen klimatizazioa egin da. Eremu hori berotzeko, aire beroko gortina bat jarri da, zonalde horretako tenperaturari eta erosotasun baldintzei eusteko.