Igo
  • 2020/12/28

Udaleko langileen egoera egonkortzeko bidean, Lan Eskaintza Publikoa egingo du Galdakaoko Udalak

Udal langileen %42 inguru behin behinekoak dira Galdakaoko Udalean. Bete beharreko eginbeharren gehiengo handia egonkorra den arren, lan horiek betetzen dituzten langileen zati oso handi bat behin behineko egoeran daude. Urtetan sortutako desoreka egoera hori iraultzea udal gobernu honen lehentasuna da eta enplegua egonkortzeko bideari ekin dio: Lan Eskaintza Publikoa jarri du martxan.


16 lanpostu egonkortzeko eskaintza da Udalak aurkeztu duena; aurrerantzean segida izan nahi duen lehen urratsa. Honakoak dira lehen deialdian publiko egingo diren postuak: 4 administrari; administrazio orokorreko 3 teknikari; 2 administrari laguntzaile; atezain 1; aholkulari juridiko 1; ogasun eta tributuen kudeaketa teknikari 1; kultura, gazteria eta kirol arduradun 1; informatika teknikari 1; obra proiektuen eta informaziozko arkitekto tekniko 1; eta gizarte langile 1.


Orain arteko norabidea iraultzen hasi nahi du horrela udal gobernuak. Izan ere, behin behineko kontratuarekin dauden langile askok 15 urte ere badaramate egoera horretan lanean. Hori, legearen kontrakoa izateaz gain, langileen eskubideen kontrakoa ere bada. Beraz, instituzio publikoek izan behar duten funtzioari heldu, eta lanpostuak egonkortzeko bidea hasi du udal gobernu honek, gobernu planeko 60. puntuan agindutakoari jarraituta.


Gogoratu behar da 2011-2015 legegintzaldi osoan ez zela Lan Eskaintza Publikorako deialdirik egin eta 2015-2019 legegintzaldian Udaltzaingoaren barruko sei lanpostu baino ez zirela eskaintza publikora atera. Galdakaok duela urte eta erdi gobernua aldatu zuenetik, Udaltzaingoko 8 postu gehiago egonkortu dira eskaintza publikora aterata, eta orain beste lanpostu mota batzuk egonkortzeko bidea hasiko da.