Igo
  • 2021/09/16

Udalaren basoei buruzko diagnosia egin da lehen aldiz Galdakaon, eta kudeaketa aldatzeko premia eta aukerak utzi ditu agerian

Galdakaok ez zuen, orain arte, erabilera publikoko mendi lurren egoerari buruzko diagnosirik. Horren inguruko informazioa eskatu zion Udal honek Bizkaiko Foru Aldundiari 2020ko urtarrilean, eta horrela jakin zuen Galdakaorenak diren baso lurren inguruan egin diren azterketak soilik ekonomiari begirakoak izan direla. Egoeraren berri modu integralean izateko eta udal basoen kudeaketa egokia egiten ari den aztertzeko, diagnosi sakona egin du Gorka Menendez Etnobotanika doktorearen eskutik. Udalak Gobernu Planean agindutako 34. neurria bete du horrela. Nerea Orozko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, diagnosian jasotzen diren ondorioak aztertu, eta, baso lurrak herriarentzat berreskuratzea helburu hartuta, ondorioei egokitutako plana da orain egin behar dena.


Honakoak dira azterlanaren ondorio nagusiak:


Erabilera publikorako bederatzi baso ditu Galdakaoko Udalak: Azpuru-Ergoien, Santa Marina-Ganguren, Uraburu, Askarri-Padrola, Artola-Txispamendi, Burutoetzagana, Upo-Lekubaso, Arrialtadua eta Seata (Bedian dago baina Galdakaoren jabetzakoa da).


Mendi lur horiek udalerri osoko lurren % 20 inguru dira: 503 hektarea. Galdakaoko beste 300 bat hektarea baso Aldundiaren jabetzakoak dira.


Pinua da nagusi, batez ere itsas pinua: 110.000 metro kubiko egur ditu. Gainera, pinudi zaharrak dira asko, 60 urtetik gorakoak, produkzio zikloa amaituta dutenak eta moztu behar direnak. Batzuk galtzen hasiak ere badaude. Egurretarako zuhaitz horiek baliabide handia dira, diru asko.


✅ Lur zati batzutan pinua mantentzea ona izan daitekeen arren, bertoko landareriari leku eman behar zaio pixkanaka.


✅ Orain da momentua. Bizkai eta Gipuzkoa osoko basogintza momentu historikoan dago, pinu eta eukalipto asko baitaude ziklo amaieran. Basogintzarako politika berbideratu, berrantolatu, aldatu nahi den pentsatzeko garaia da. Aukerak zabalik dauden unea da.


Lur gehienak ekoizpenera bideratuta badaude ere, badaude nekazal jardueretara bideratutako batzuk eta aisialdirako guneak indarra hartzen ari dira; gero eta gehiago erabiltzen dira eta erregulatzeko beharra dago.


✅ Aurrera begira, erabilera multifuntzionala sustatu behar da. Lehen egurra ekoiztera soilik erabiltzen ziren eta kontserbaziorako lurrak ere behar dira, nekazal jarduera indartu eta aisialdiari begira jarri.


Landare inbaditzaileei aurre egiteko plangintza zehatza egin behar da.


Galdakaoko herri basoek ez dute kudeaketa planik; ez dago ez irizpide ez lan lerro argirik. Ahulgunea da hori, erabilera handiagoa eta hobea izan dezaketelako; lur asko erabat utzita daude. Hala ere, ahulgune hori ez da erabat txarra, nahi gabe izan arren onurak ekarri dituelako: basoak berez birsortu eta indartu dira eta leku batzuetan berez ari da baso autoktonoak sortzen. Edozein kasutan, norabide bat behar da: helburuak ezarri eta horri begirako plana egin.


Udalaren jabetzakoak izan arren, erabilera publikorako baso lurrak kudeatzeko eskumena Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Udalak plan bat egiteko aukera du. Plana egiten badu Aldundiari igorri behar dio plan hori, eta adostasuna bilatuta, Aldundiaren oniritzia beharko du.


Hori guzti hori kontutan hartuta, kudeaketa plana lantzen hasiko da Galdakaoko Udala. Aldundiari aurkeztuko dio, kudeaketa has dezan. Ondoren, plana beteko dela egiaztatzeko jarraipena egiteko asmoa du Udalak.


Bestetik, herritarrei bere mendien egoeraren berri eman, azterketaren emaitzak azaldu eta egiten ari den hausnarketa partekatzeko, aurkezpen publikoa egingo dute Udalak eta diagnosiaren egileak urrian. Jakinaraziko da data zehatza.