Igo
  • 2021/04/23

Udalak samina adierazi du Juan Carlos Irizarren heriotzagatik; 20 urte baino gehiagoz Galdakaoko Musika Bandaren zuzendari izana da Irizar

Juan Carlos Irizar musikagile, pianista eta orkestra zuzendaria hil da ostegun honetan, apirilak 22, Aizarnazabalgo bere etxean, 69 urte zituela.

30 diska baino gehiago, dozena bat partitura liburu eta hamaika musika konposizio dituen ibilbide profesional luzeaz gain, Irizar Galdakaoko Musika Bandako zuzendaria izan zen 20 urte baino gehiagoz, baita gure herriko Zaletasuna abesbatzako zuzendaria.

Galdakoztarren hainbat belaunalditarako musika erreferente bat izandakoa, Oñatiko konpositoreak gure herriko ereserkia konposatu zuen, beste obra musikalen artean. Horien artean aipatzekoak dira "Galdakaoko oroimen historikoa - La memoria Histórica de un pueblo llamado Galdakao" (2012) lana, Gerra Zibileko bonbardaketaren 75. urteurrenari eskainia, edo "Galdakao eta bere auzoak - Galdakao y sus barrios" lana, auzo bakoitzerako eserkia sortuz.

Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkio egin duen ekarpen kulturalagatik eta gure herriarekin izan duen inplikazioagatik, eta doluminak helarazi nahi dizkie bere senide eta lagunei une gogor hauetan. Gugan bego.