Igo
  • 2020/04/24

Udalak martxan jarritako programari esker, egoera zaurgarrian diren 52 familia eta 72 haurrek bermatuta dute oinarrizko elikadura

Haurrek eskolara joaterik ez duten garaietan arriskuan egoten da egoera zaurgarrian dauden familietako ume askoren oinarrizko elikadura: eskolako jangelan bazkaltzeko aukerarik gabe, zailtasunak ugaritu egiten dira etxe horietan. Are gehiago krisi garaietan. Hori dela eta, Covid-19 birusagatik eskolak itxita dauden honetan, egoera zaurgarrian diren ume eta nerabeen elikadura eskubidea bermatzeko programa abiatu du Galdakaoko Udalak. 52 familia eta 72 haur ari dira zerbitzuaren onurak jasotzen.


Gizarte zerbitzuek kudeatutako programak udalerriko eskolen, Agintzari gizarte ekintzarako kooperatibaren eta La Caixaren laguntza du. Lau eragile horien elkarlanari esker, 52 familiak eta 72 adingabek jaso dute laguntza, eta, eskolan bazkaltzeko bekaren bidez elikatu ezin duten garai honetan ere bermatuta izango dute elikadurarako eskubidea. Egoera zaurgarrian dauden familetako haurren gabeziak osatzea da neurriaren helburua.


Hain zuzen, kaltebera diren adingabeenganako arreta Galdakaoko Udalaren lehentasunetako bat da, eta horregatik erabaki du egungo alarma egoeran egoera zaurgarrian dauden horiei babes berezia ematea.