Igo
  • 2020/07/21

Udalak izena eman du 2020ko Euskaraldian

Ekimena azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte egingo da

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Aurreko edizioaren antzean helbururik behinena hizkuntza-ohituretan eragitea da, euskararen erabilera handitze aldera. Alabaina, edizio honetan fokoa herritarrengan ez eze erakundeetan ere ipini da. Aurtengo edizioan, beraz, dei berezia egin da Euskal Herriko entitate eta erakundeei ariketan parte hartzera, euren eremuetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Entitateentzako izena emateko epea irailaren 27ra arte dago zabalik.


Erakundeen parte hartzea, hein handi batean, Arigune izeneko eremuaren bitartez egingo da. Hau da, entitateek euren espazioaren azterketa egin behar izango dute eta euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatu eta Arigune bezala izendatu eta bistaratu beharko dituzte. Guneotako kideek, endemas, euskara ulertu edo berba egiteko prest egongo dira eta bertaratzen direnek, Arigune identifikazioa ikusirik, jakingo dute bertan euskaraz aritzeko modua izango dutela.


Galdakaoko Udalak bat egin du 2020ko Euskaraldiarekin eta, gaur gaurkoz, barne- eta kanpo ariguneak zehazten ari gara. Iraila-urritik aurrera ariguneen berri emango dugu, herritarrekin batera, elkarlanean, galdakoztarron hizkuntza-ohituretan eragiteko.


Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:


✅ Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko


✅Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea


✅Inertziak apurtzea


✅Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea


✅Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez


✅Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea


✅Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea


Galdakaoko Udalak dei egiten die udalerriko entitate eta elkarteei 2020ko Euskaraldiarekin bat egin dezaten.