Igo
  • 2021/03/16

Udalak herritarrekiko duen arreta zerbitzua hobetzeko helburuz, Bergarako esperientzia ezagutu dute Galdakaoko ordezkariek

Nahi baino korapilatsuagoa da, sarritan, Udalak herritarrentzako duen arreta zerbitzua; urte askotan eraiki den sistemaren ondorioz, nahasiegia. Hori aldatzeko lanean ari da udal gobernu hau; egoeraren azterketa sakona egin, hutsune nagusiak antzeman, horiek zuzentzeko bideak bilatu, eta Udalaren eta herritarren arteko harreman zuzen, arin eta argiagoen bila.

Bilaketa horren barruan, beste esperientzia batzuk ere ezagutzen ari da zaharkituta dagoen sistema berritu eta modernizatzeko helburuz lanean ari den lan taldea. Gaur, adibidez, Bergarako udaletxean izan da. Bertan, herritarrekiko arretaz arduratzen diren ordezkariekin bildu dira Galdakaoko ordezkariak, eta lehen eskutik ezagutu dute Bergaran egin duten aldaketa eta horrek eraginkortasunari begira eman dituen emaitza onak. Ikusitakotatik ikasi eta lanean jarraitzeko gogotsu itzuli da lan taldea.