Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Udalak herritarrei gogoratzen die martxan dela beharsarea.eus, Galdakaon lana euskaraz eskaini eta bilatzeko tresna

Euskara   2022/08/09

Beharsareak, lana euskaraz eskaini eta bilatzeko guneak, martxan dirau honako helburu honekin: langile euskaldun baten bila dabiltzanak eta euskaraz lan egiteko prest daudenak elkartzea. 

Beharsarea.eus atariaren bidez, modu intuitibo batean bai lana bilatzen ari direnek eta baita langileak behar dutenek ere iragarkia jarri ahalko dute, doan, honako arlo hauetan: Zaintzaileak, Begiraleak, Merkataritza, Ostalaritza, Eskola-laguntza, Industria eta bestelakoak. 

Galdakao erdialdean, Aperribain eta Usansolon eskaini edo eskatu daitezke zerbitzuak eta iragarkietan adieraziko da eskaintza egin duenak eta interesdunak harremanetan jartzeko bidea. 

Galdakaoko Udalak euskaraz lan egiteko prest dauden zein langile beharrean dauden galdakoztar eta usansolotar guztiak animatu nahi ditu plataforman izena eman dezaten, Galdakaon bizi eta lan euskaraz egiteko aukera erraztu dezagun. 

Galdakaon ez ezik, Getxon, Basaurin, Urduñan, Erandion, Mungian eta Uribe Kostan ere erabilgarri dago zerbitzua. Alkarbide Bizkaiko Foru Aldundiaren udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilgunea da proiektuaren sustatzailea. Euskara sustatzeko elkarlana ezinbestekotzat jotzen du Galdakaoko Udalak, eta beraz, proiektuan parte hartzen jarraituko du, gogotsu.