Igo
  • 2020/04/01

Udalak hautetsontziak eman dizkio ospitalari, medikuentzako babes material gisa erabil ditzan

Premiak irudimena zorrozten du, eta horretan aditu bihurtzen ari dira osasungintzako langileak. Etxean ikusi dugu azken adibidea: udaletxeko hautetsontziak babeserako material gisa erabiltzen ari dira Galdakao-Usansoloko Ospitalean. Covid-19ak jota egoerarik larrienean dauden gaixoak artatzeak berekin dakarren kutsatze arrisku handia gutxitzea da helburua, eta, bertako medikuek diotenez, froga funtzionatzen ari da.


Babeserako neurri eskasiak eraman zituen ospitaleko langileak hautetsontzietan pentsatzera. Coronavirusak jota larri dauden gaixoei arnasketan laguntzeko hodiak jarri behar izaten dizkiete, ahoan barrena. Eria lokartu, eta tutua sartzen diote eztarrian. Larrien dauden gaixoak izanik, birus gehien dituztenak dira; kutsakorrenak. Eta horrek areagotu egiten du medikuak zein ospitaleko gelak kutsatzeko arriskua. "Babes pantaila" sortzea pentsatu zuten, hargatik, ospitaleko langile batzuk: tutua ezarri behar zaion pazientearen burua kutxa garden batekin inguratzea, birusak zabaltzea eragozteko.


Hautetsontziak lirateke horretarako egokienak; metakrilatozkoak dira, gardenak ikusi ahal izateko, nahikoa zurrunak, eta buruak sartzen dira bertan. Nonbait ikusi zuten ideia, eta froga egitea pentsatu zuten: Galdakaoko Udalari hautetsontziak eskatu zizkioten frogak egin ahal izateko, eta udalak berehala jarri zituen horiek osasun langileen esku.


Hautetsontziei botopaperak sartzen diren goiko estalkia kendu, eta albo batean bi zulo egin dizkiete ospitalean. Horrela, gaixoaren buru gainean jar daiteke hautetsontzia, eta medikuek, eskuak bi zuloetan sartuta egin ditzakete ebakuntzak. Gaixoaren arnasgunetik oso distantzia laburrera aritu behar izaten dute sendagileek arnasketarako laguntza tutua jartzeko. Hautetsontzia gaixoaren buruan jarrita, pazientearen ahotik medikuaren aurpegira bitartean babes pantaila eraginkor bat jartzen da. Birusak sendagileri igortzea zein gelara zabaltzea oztopatzen dute metakrilatozko hesiek, kutxan itsatsita geratzen baitira gehienak.


Birusaren hedapena ahalik eta gehien gutxitzea da asmakizunaren helburua; babes neurriak areagotzea. Gainera, metakrilatozko ontziak erraz garbitzen direla eta, pare batekin nahikoa dutela adierazi dute ospitaleko langileek. Hala erabiltzen ari dira.


Ohar bat egin dute, halere: batzuetan txikitxo geratzen zaizkie Galdakaoko udaletxean zeuden hautetsontziak, eta, ohikoak baino handixeagoak topatzeak lana erraztuko liekela azaldu dute osagileek. Galdakaoko Udalak bere eskura dituen baliabideak uzten jarraitzeko prestutasuna du, baina, hautetsontzi handiagoak dituenik balego, gurekin harremanetan jartzea eskertuko genuke, guztion artean denon osasuna babesten lagun dezagun.