Igo
  • 2018/12/13

Udalak eta herriko elkarteek Gabonetarako jarduera-programa zabala antolatu dabe, abenduaren 19an hasita

Galdakaoko ahoz ahoko azoka barriro etorriko da Mugaburu kalera, jarduera ugariz jantzita. Ekimen honegaz, abenduaren 19an, eguaztenean, hasiko da Gabonetako programa, 2019ko urtarrilaren 5ean, Errege Magoen Kabalgatagaz amaituz.


Inaugurazio-ekitaldian, datorren eguaztenean, keinu bat izango da, Mikel Laboaren heriotzaren hamargarren urtehurrenean, Musika Eskolak eskainiko dauen kontzertu bategaz.


Kultura, Gazteria eta Kirol Arloa izan da, Hezkuntza eta Euskara Arloagaz batera, egun honeetarako jarduera-programa proposatu dauena, herriko alkarte batzuen lankidetzagaz, "beste urte batez posible egin dabena egun berezi honeetan inplikatuz, eta horrexegaitik eskertu beharrekoa", azpimarratu eban Ainhoa Agirregoikoa zinegotziak programaren aurkezpenean, Hezkuntza eta Euskara Arloko Errupin Jauregi zinegotziagaz batera.


Ipuin kontalariak, tailerrak, solasaldia Benito Lertxundigaz, Gabonetako kantuak. izango dira azoka edukiz beteko daben ekintzak, abenduaren 23ra arte; liburuak sinatzen Jon Arretxe eta Toti Martinez de Lezea aurreko egunean izango dira.


Extremadurako XXIII. Gabon-kantu eta Folklore Jaialdiak gabonetako programaren bigarren zatiari hasiera emongo deutso. Aipamen berezia egin behar da gaztetxoei zuzenduta, Gabonetako Haur Parkea lau egunetan zabalik egongo dalako (abenduaren 27tik 30era, haurrentzat 3 euroko prezioan), urtez urte erantzun oso ona daukala aintzat hartuz. PIN honek autobus-zerbitzua izango dau doan, Juan B. Uriarte kaletik, eta mugikortasun murriztua daukienentzat egokitua egongo da (geralekua udaletxe ondoan).


Abenduaren 23an, Bertso Jaialdiak punta-puntako bertsolariak ekarriko dauz Torrezabal Kultur Etxera, tartean, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaņa, Arkaitza Estiballes galdakoztarraren gidaritzapean.


Abenduaren 24an, Gabon Eguna, Olentzero eta Mari Domingi etorriko jakuz, Kurtzeko plazatik ibilbide tradizionala egiteko, 16:30ean hasita, Santi Brouard plazaraino, txalapartariak, txistulariak, trikitilariak eta dantzariak lagun. Santi Brouard plazan, Andra Mari Dantza Taldeko dantzari txikiek parte hartuko dabe, une berezi batean gabon-mukurra surtan jarriko dala.


2019ko urtarrilaren 5ean, Errege Kabalgata tradizionala izango da, leku bitan: Galdakaoko herrigunean, 18:00etan, Bengoetxeko Auzo Alkarteak antolatutako txokolatadagaz, eta, Usansolon, 19:00etan hasita.


Tren txu-txu batek Kurtzeko plazatik hasita kale desbardinetatik ibiliko da, 12:00-14:00etara eta 16:30-20:30era, abenduaren 27an eta 28an (azken honetan, goizez baino ez). Hilaren 28an, 16:30etik 20:30era, Usansolotik ibiliko da (Oletxe), Dendari Elkarteak bultzatuta.


Zumba solidarioko master-class bat, robotika tailerrak gazteentzat eta Kalakan hirukotearen saioa, baita zine-karteldegia be, izango dira programa osatuko daben eskaintzak.


Galdakaoko udalak Gabonetako programaren 11.000 ale sartuko ditu buzoietan.


PROGRAMA